Tiina Mäkelä

Eskola-jazarpenaren aurkako 'KiVa' programaren zuzendaria

"Bullying-egoerak hautematen erakutsi behar zaie ikasle, irakasle eta gurasoei"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

KiVa eskola-jazarpenari aurre egiteko Finlandiako programa bat da, eta hainbat ikerketa-urtetan oinarritzen da.

Bullyingak hiru ezaugarri nagusi ditu. Lehenik eta behin, nahita egiten da: ez da ezbehar bat, edo gertakari bat. Norbait propio ari da kalte fisiko, psikologiko, sozial eta berbala eragiten. Bigarrenik, errepikatzen den zerbait da; sistematikoa da. Esate baterako: erasoa behin soilik gertatzen bada, oraindik ez da eskola-jazarpena. Eta hirugarrenik, botere-diferentzia bat dago. Ikus daiteke, egiaz, batzuek botere handiagoa dutela, gizarte-mailagatik, fisikoki indar handiagoa izateagatik edo taldean onarpen handiagoa izateagatik, eta botere txikiagoa duen norbaiti edo norbaitzuei jazartzen zaiela.

Hasieran ez dakigu benetan jazarpena den edo ez; beraz, erabaki aurretik ikertzeko jarrera izan behar dugu. Ustezko biktimari entzun eta harekin hitz egin behar da, haren ikuspuntua ulertu. Ondoren, jazarpenean parte hartu dutenekin hitz egin behar da, bai banan-banan, bai taldean. Eta biktimari babesa ager diezaioketen ikaskide batzuk bilatu behar dira. Eta prozesu horretan guztian, protagonismo handia ematen diegu haurrei. Familiarekin elkarlanean aritu behar dugu beti; oso garrantzitsua da familiak jakinaren gainean egotea. Mezua hau da: bila ditzagun konponbideak elkarrekin.

"Eskola-jazarpena sufritzen baduzu, oso garrantzitsua da laguntza bilatzea, egoera horretan bakarrik ez zaudela jakitea. Batzuetan, lagungarria da egoera bati buruz aurrez pentsatzea eta asertibotasunez nola erantzun hausnartzea».

Prebentzioa da giltzarria; izan ere, askotan jadanik jazarpen-egoera bat dugunean esku hartzen dugu. KiVa programan urte osorako ikasgaiak edo ariketak sortu ditugu, nahikoa lantzen ditugu gaitasun sozioemozionalak: balioak, erantzukizun partekatuaren garrantzia... Adibidez, nik gatazka bat ikusten badut, nire erantzukizuna dela nire ikaskideari laguntzea. Ikasgai horiekin, taldeko jarrerak eta dinamismoa aldatzen ari gara.

Haur bakoitza desberdina da; orduan, gurasoek dakite inor baino hobeto noiz dagoen haien haurra nahigabetuta. Baina, normalean, esan dezakegu jokabidean nolabaiteko aldaketa bat dagoela. Esate baterako, nire alabari asko gustatzen zaio ikastetxera joatea, eta bat-batean ez du joan nahi. Batzuetan, gauzak galtzen ere hasten da, edo badirudi ezbeharrak dituela, edo gauzak hautsita ekartzen ditu. Beharbada zer edo zer gertatzen ari den seinale izan daiteke hori, baina ez du beti esan nahi eskola-jazarpena denik. Ikertzen hasi behar dela ohartarazten du.

Oso garrantzitsua da zure seme-alabekin hitz egitea. Beharbada ukatu egin nahiko dute, beldurra ematen dielako, lotsa dela-eta ez dute hitz egin nahi. Baina oso garrantzitsua da gurasoek erabat haien alde daudela erakustea. Esan behar zaie jazarpena ez dela inoiz haien errua; izan ere, beharbada errudun direla uste dute. Ezerk ez du jazarpena justifikatzen. Gauza horiek gertatzen diren egoerak praktika litezke. Adibidez, ispiluaren aurrean. «Ezetz» asertibotasunez esaten ikastea landu daiteke.

Biografia
Hezkuntza Zientzietako doktorea eta bullyingaren aurkako KiVa programaren zuzendaria Espainia eta Latinoamerikarako. Finlandiako gobernuak babestutako metodo hori Turku Unibertsitatean sortu zen, Christina Salmivalli ikertzailearen gomendioetan oinarrituta. Gaur egun, Estatu Batuetan, Europan eta Hego Amerikan eskola-jazarpenaren aurka lan egiten du programak.