Leontxo García

Xakelaria eta kazetaria

"Xakea da adimenerako gimnasio onena".

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Zer portaera eredu sustatzen ari gara gure haurrentzat? Besteak beste, telezaborraren heroiak ari gara portaera eredu bihurtzen. Hori oso beldurgarria da. Haurrek, portaera eredu gisa, pertsona erabat kaskarinei eta hutsalei erreparatzea lortzen ari gara; ezer interesgarririk esaten ez duten pertsonak, eta gainera puntako orduan agertzen dira, haur asko gurasoekin telebista ikusten ari direnean. Edo arerioari hatzak begietan sartzen, irain zikinak esaten, eta arbitroa engainatzeko lesioak itxuratzen dituzten futbolariak jartzen ditugu portaera eredutzat. Horiek dira haien idoloak. Ez genuke guztiok batera lan egin beharko, nork bere harri koskorra ekarriz, zientzialariak, idazleak, GKE-etako langileak eta, jakina, irakasleak izan daitezen portaera eredu? Eta, kirolariak aukeratzen baditugu, izan daitezela egiaz eredugarri. Adibidez, Rafa Nadal dut gogoan, zeren, elkarrizketa batean honako hau galdetu ziotenean: “Ospetsua zara eta, garrantzitsu sentitzen al zara?”, zera erantzun baitzuen: “Ni? Ez. Nola sentituko naiz garrantzitsua, pilota sarearen alde batetik bestera pasatzea bada ongi egiten dakidan bakarra? Ezin naiz horregatik oso garrantzitsu sentitu". Hori da behar dugun portaera eredua.

Gauza bat da xakea kirol gisa, eta beste bat xakea hezteko tresna gisa. Baliteke goi mailako lehiaketa aspergarria iruditzea edo interesik ez piztea, hori oso arrunta da, baina ez dut ezagutzen ikaslerik, irakasleak hezteko xakea erabiltzen duenean aspertzen denik, irakasleak prestakuntza ona badu behinik behin. Hau da, hobekien ezagutzen dudan kasua Lorena García lankidearena da. Hark, adibidez, koloretako piezak erabiltzen ditu, edo gimnasioan jartzen ditu xake jokoan, eta hor era askotara jolas daitezke haurrak: etzanda nahiz eserita, taldeka nahiz binaka, bi taula elkartuta eta jokoak konbinatuta, taula batean jandako piezak bestera eramanda… Haur horiek ongi pasatzen dute. Xake jokoan gozatzeko edo xakea hezteko tresna gisa erabiltzeko ez da beharrezkoa halako adimen berezia edukitzea. Edonork goza dezake xakeaz edo erabil dezake xakea hezteko, berdin dio zer adin, kondizio edo adimen maila duen.

"Musikaz gain, ez dago xakea bezain eraginkorra eta dibertigarria den eta hainbeste balio helarazten dituen tresna pedagogikorik".

Xake hezigarrian aritzen diren ikasleek besteek baino gehiago garatzen dute adimena, oro har, hainbat parametrotan, adimen emozionala ere barne. Gainera, orokorrean eskolako errendimendua ere hobetzen dute, batez ere, matematiketan eta irakurmenean. Hori zientifikoki frogatuta dago. Horrez gain, baditu beste hainbat onura, eta berrogei edo berrogeita hamar bil genitzake zerrenda batean, baina, bat aipatzeko soilik: xakean bereziki ikasten da irabazten eta galtzen. Izan ere, xakean, beste edozein kiroletan baino gehiago, ezin diozu beste ezeri bota galdu izanaren errua: ez arbitroari, ez euriari, ez eta zelaian dagoen lohiari ere. Zorteak ez du ia-ia eraginik. Beraz, xakean, galtzailea da gehien ikasten duena. Nik orain zurekin partida jokatzen badut, eta zuk irabazten baduzu, lehenik eta behin zergatik galdu dudan galdetuko diot nire buruari. Hala, pentsamendu kritikoa garatzen ari naiz, biziki garatu ere. Eta maiz jokatzen badut xakean, maiz egingo dut hala. Ziur naiz hor transferentziaz hitz egin dezakegula; hau da, xakeari esker garatzen ari naizen hori bizitza errealera eraman dezaket, eta nik neure bizitzan autokritika egingo dut edozein egoeratan, garunean autokritika egiteko muskulu bat automatizatuta dudalako nolabait. Tira, azken batean, oso luzea da xakeak garatzen dituen bertuteen, balioen eta gaitasunen zerrenda.

Funtsezkoa da pentsamolde malgua izatea. Jadanik ez da nahikoa pentsatzea; orain, malgutasunez pentsatu behar da. Eta hor, oso ongi funtzionatzen du xakeak. Izan ere, nik zurekin partida jokatzen badut, partida horretan hainbatetan aldatu beharko dugu taula osoaren ebaluazioa, dela zure jokaldi bategatik, dela nire jokaldi bategatik. Eta, gainera, bizkor egin beharko dugu, erlojua martxan dagoelako.

Biografia
Leontxo García duela 30 urtetik baino gehiagotik xakean espezializatutako kazetaria da, baita lehiaketako xakelaria ere, 14 urte zituenetik. Xakea jendarteratzeko lan handia egin du, berriemaile, telebistako aurkezle, idazle eta hizlari gisa hogeitik gora herrialdetan. 'Ajedrez y ciencia, pasiones mezcladas' liburuaren egilea da, eta 2011n Kirol Merezimenduaren dominarekin saritu zuten.