Richard Gerver

Aditua hezkuntzaren berrikuntzan 

"Gustuko dutena aurkitzen irakatsi eta lagundu behar diegu umeei"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Oso kezkatuta nago hezkuntzaren egoerarekin, ez bakarrik Espainiakoarekin, baizik eta baita mundu osokoarekin ere. Hezkuntzaren gaineko eztabaida guztiak polarizatuta daude; argudio bat dugu hemen, eta beste bat han: tradizionala eta aurrerakoia, politikariak eta irakasleak, gurasoak eta irakasle eta ikastetxeak, politikariak eta mundu osoa. Ez al da hala? Eta umeek sufritu egiten dute, atzean uzten baititugu. Nire ustez, eztabaida horretan oihu egiteari utzi behar diogu, edonondik gatozela ere, hezkuntzari dagokionez, guztiok baitugu gauza bat komunean: umeek axola digute. Garrantzitsuena da guztiok nahi dugula onena umeentzat. Hezkuntza aldatu nahi badugu, elkarrizketa helduak izan behar ditugu. Nire ustez, gaur aukera paregabea dugu; beharbada gure seme-alaben etorkizuna aldatuko duen bulkada bat sor dezakegu, gure seme-alabei laguntzeko, baina baita, agian, gure seme-alaben seme-alabei ere. Guztion erantzukizuna da haurrak heztea, ez bakarrik biziraun dezaten, baizik eta aurrera egin dezaten ere.

Umeek etengabe ikusten dituzte pertsona famatuak; adibidez, diru asko irabazten duten eta itxuraz bizimodu zoragarria duten futbol jokalari ospetsuak agertzen dira telebistan. Futbol jokalari horrek (berdin dio Ronaldo, Messi edo Neymar den) zeinen gogor lan egiten duen ulertzen lagundu behar diegu. Jokalari horiek ez ziren egoten lorategian baloiari ostiko egiten soilik; ez zitzaien inor bila joan Real Madrideko, Barcelonako edo Paris Saint-Germaineko elastikoa eskaintzeko, astean milioi erdi euro ordainduko zizkiela esanez. Mutil horiek aparteko diziplina eta konpromisoa erakutsi behar dituzte, eta oso gogor egin behar dute lan, orduz ordu, egunez egun, hilabetez hilabete; arriskatu egin behar dute, porrot egiteko prest egon behar dute, ikasi eta oso gogor egin behar dute lan. Umeek konturatu behar dute arrakasta izateko diziplina handia behar dela, futbol jokalaria, abokatua, artista edo dantzaria izan; gauza horietan guztietan diziplina handia behar da. Baina gogorarazi behar dugu, seme-alabak handitu ahala, bizi dituzten garaiak kontuan hartuta, informazioa izateko eta inguruan zer gertatzen den ikusteko aukera dutenez, oso gaztetatik hasten zaizkiela gustatzen guztiontzat kezkagarriak diren gauzak. Nerabeekin hitz egiten dudanean, ohartzen naiz oso kezkatuta daudela munduaz; kezkatuta daude gerra mehatxuaz, naturaz, ekonomiaz eta, nagusiki, planetaren ekologiaz. Nik uste benetan kezkatzen direla; beraz, ez zaitez gehiegi kezkatu.

Irakaslerik, ikastetxerik eta hezkuntarik gabe, ez dugu ezer. Ez genuke izango medikurik, abokaturik, teknologorik edo ingeniari informatikorik; ez genuke izango artista eta dantzaririk ere; ez genuke ezer izango.

"Gizarte osoak lagundu behar du umeak etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuko dituen hezkuntza sistema bat sortzen"

Ez daukat hain garbi etxeko lan tradizionalek (alegia, etxera iristean umeek eskolan egin dituzten ariketa berberak egin behar izatea) zer funtzio duten. Areago, baliteke umeen bizitza oztopatzea. Bikaina litzateke eskolatik itzultzean umeek garatzeko aukera izatea, eta askok eta askok ezin dute halakorik egin; ez dute denborarik gurasoekin gauzak egiteko. Guraso batzuk oso onak dira zeregin horretan, baina beste batzuentzat umeak traba dira, eta gainetik kentzen dituzte. Umeei zerbaitetan parte hartzeko eskatzen badiezu, garrantzitsua izan behar du, merezi izan behar du. Ez dut uste era guztietako etxeko lanak kendu behar direnik. Jakin nahi nuke ea umeei interesatzen zaien ikastetxean ikasten dutena, etxera itzultzen direnean gaiaren inguruan ikertzen hasiko batira, nola Interneten, hala museo batean; gauzak ikasi nahi dituzte. Umeak errespetatu behar ditugu, eta beren denbora eta tokia behar dituzte; beren interesak garatzeko gai izan behar dute, lagunekin egoteko denbora izan behar dute. Gauza horiek guztiak garrantzitsuak dira, eskolan ikasten dutena bezainbeste. Etxera nekatuta iristen badira, gurasoek oihu egiten badiete eta irakasleek mehatxu egiten badiete etxeko lanak egin ditzaten, umeek ez dute ikasi nahi izango eta aspertu egingo dira.

Jendeak bitan banatzen du hezkuntza: gauza erabilgarriak eta ez erabilgarriak. Horri dagokionez, lehenik esan nahi dut ikastea diziplinartekoa dela; hau da, umeak Arte Ederretan beharko dituen gaitasunetako asko ingelesez hitz egitean edo idaztean beharko dituzunen antzekoak direla, baita matematikan, musikan edo zientzietan beharko dituzunen antzekoak ere. Jendeak ulertu behar du mundua ez dela irakasgaitan banatzen, gure bizitzan diziplinarteko gaitasunak, jokabideak, ezagutza eta esperientzia nahasten baitira. Har ditzagun, adibidez, Arte Ederrak. Lehenik eta behin, oso modu oinarrizkoan, bolaluma, arkatza, argizaria, pintzela edo kamera nolabait kontrolatzeko behar ditugun gaitasun motorrak kirurgia konplexu bat egitera doan zirujau batek behar dituenak bezain finak dira. Hortaz, gaitasun motorrak hainbat diziplinaren bidez lantzen dira. Artearen prozesuan pentsatzen duzunean, sortzeko prozesuan eta sormenean pentsatzen duzu. Zerbait sortzeko, artistikoa, zientifikoa edo matematikoa izan, ausarta izan behar duzu, ausardia behar baita, arriskatzeko prest egon behar duzulako. Hortaz, akatsak egitea, ikastea, gauza berriak probatzea, beste pertsona batzuekin komunikatzea eta zu motibatu zintuzten bezala zu ere norbaiten inspirazio iturria izango zarela pentsatzea... Horrek guztiak mugak gainditzen ditu. Berdin jokatu behar dugu zientzialari handia, matematikari bikaina, dantzaria, medikua edo abokatua izateko. Nire ustez, erokeria da ume bati esatea ez lukeela zerbait egin behar garrantzitsua ez dela argudiatuz. Gogoan dut nire lagun bat ez zela inoiz ateratzen, ez zuela ezer egiten, ez zuela kirolik egiten, denbora guztian ordenagailu aurrean egoten zela, eta denek (haren gurasoek ere) ordenagailu aurrean denbora ez xahutzeko eskatzen ziotela. Gaur egun Microsoft-ek erabiltzen dituen software konplexuenetako bat garatu zuen; izugarri aberatsa da. Hortaz, barregarria da umeei esatea zer den garrantzitsua eta zer ez. Jakin badakit arrakasta handiko pertsonek egiten duten hori (zientzia, matematika, ingelesa, musika edo artea izan) oso gustuko dutelako dutela arrakasta. Oso gustuko dute egiten dutena; hain gustuko, ezen gai baitira une zailei, erabaki gogorrei, arriskuei eta porrotei aurre egiteko. Aita gisa, gainerako gurasoei esango nieke seme-alabei laguntzeko zer gauza gustatzen zaizkien aurkitzen, eta haiek babesteko, gustuko duten horrek urrunago eramango baititu irakasgai bat beste bat baino garrantzitsuagoa dela esateak baino.

Biografia
Hezkuntzan doktorea, irakaslea eta idazlea da. Irakaskuntzako Sari Nazionala jaso zuen, eta Erresuma Batuko eskola zuzendari onena izendatu zuten. Zenbait liburu idatzi ditu; besteak beste, "Crear hoy la escuela del mañana", "La educación y el futuro de nuestros hijos" eta "Simple Thinking". Eliteko kirolariek eta erakunde handiek harengana jo dute giza ahalaz duen ikuspegia ulertzen lagun ziezaien.