Kiran Bir Sethi

Hezitzailea

"Gure seme-alabei gezurra esan diegu: ez dira etorkizuna, oraina dira"

Bideoaren bertsio luzea ikusi nahi baduzu, sakatu hau

Kiran Bir Sethi dut izena, eta Indiakoa naiz. Hasieran, diseinatzaile izateko ikasi nuen. Horretan lanean ari nintzela, duela 26 urte, ama izan nintzen. Nire semea ikastetxean sartu zenean, bost urte zituela, uste nuen eskolan nik bezala maiteko zutela. Baina ohartu nintzen han beste zenbaki bat zela. Jakin nuen ez zutela ulertuko nor zen, eta zerbait egiteko asmoa hartu nuen. Ikastetxez alda nezakeen, eta besterik ez egin. Baina atera, eta ikastetxea neronek irekitzea erabaki nuen. Hala egin nuen, nire etxean, eta xede hau hartu nuen: haur bakoitza gai izan zedila «ahal dut» esateko, historia bat eta izen bat izateko. Beraz, duela 16 urte nire etxea ireki nuen, ikastetxe bihurtzeko.

Oraindik hainbat istorio gogoratzen ditut handik igaro ziren lehen haurrei buruz. Ia guztiek ikasten dute «ezin dut» esaten. Hori irakasten diete eskolan: helduei entzuten, ideiarik ez izaten, eserita egoten. Eta hamabost urtez egiten zaie hori. Gero harritzen gaitu haiek sormenik eta enpatiarik ez izatea, eta erantzukizunik ez hartzea, baina horixe irakatsi diegu. Nik sortutako ikastetxearen eta Design for Change programaren helburua da haur bakoitzari ahal duela hitzematea. Eta gaur bertan ahal duela.

Gaur egun, hirurogeita sei herrialdetan dago Design for Change; horien artean, Espainian. Hemen, sei, zazpi eta zortzi urteko superheroi gazte batzuek golf-zelai bat eraiki dute beren ikastetxean.

«Gorputzeko muskuluak entrenatzen ditugun bezala, "ahal dut" superboterearen eta enpatiaren muskuluak ere entrenatu behar dira».

Planeta osoan pentsatzeko eta sormena izateko gai den espezie bakarra gara. Planetan osoan enpatia izateko gai den espezie bakarra gara. Eta horrek bihurtzen du gure espeziea paregabe. Baina landu beharreko zerbait da. Hori lortzen du Design for Change programak. Gizakiak baino gehiago izan behar dugu; gizatasuna duten herritarrak edukitzea, horixe behar du munduak. «Zoragarria zara». Uste dugu norbaiti hori esanez gero, jadanik gu ez garela hain onak, eta hobe dela kritika egitea. Haurren begiak ikusten ditudanean, gogora etortzen zait hamazazpi urte nituenean eta lehen aldiz nire diseinu-eskolara iritsi nintzenean. Lehenengoz sentitu nuen zer zen bizirik egotea. Nire irakasleak begietara begiratzen eta entzuten zidan. Ez nuen inoiz aurrez hori bizi. Ez nekien zer zen entzuna izatea.

Design For Change errezeta, formula edo esparru bat bezala da. Design For Change programak lau urrats erraz ditu: sentitu, irudikatu, egin eta partekatu. FIDS for KIDS esaten diogu. Ingelesezko siglak dira. Urrats bakoitza zerbaiten baliokide da, formula bat bezala da. Haurrengan «sentitu, irudikatu, egin eta partekatu» urratsen haziak ereiten duzunean, ikusten dugu sinesteko gaitasun handiagoa dutela, haiek kezka sortzen diena aukeratu dutelako.

Biografia
Hezitzailea eta gizarte-ekintzailea. Design for Change (DFC) ereduaren sortzailea; mugimendu hori 60 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 25 milioitik gora haurrengana iristen da. Bere xedea: eskolako ikaskuntza eta komunitatearen hobekuntza elkarrekin lotzea, lau urrats errazen bidez: Sentitu, irudikatu, egin eta partekatu. Nazio Batuek Helburu Globalen (Global Goals) esparruan nabarmendu zuten ekimen hori.