Cascavelos ikastetxe publikoa

Portugaleko hezkuntzaren indarra

Portugal da Pisa txostenaren arabera hezkuntza-maila hobetu duen herrialde bakarra.

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Joao Maroco, zuzendaria:

Azken 15 urteetan askotariko joera politiko eta ideologikoak eduki ditugu, ezkerragoko edo eskuinagoko gobernuak, baina Hezkuntza Ministerioan jarraitutasuna eman zitzaien exijentzia eta zehaztasuna handitzeko pentsatutako politikei. Baita helburu batzuk, curriculumeko xede batzuk eta ongi funtsatutako eta zientifikoki bermatutako programak ezartzeko ere; exijentzia handiagoa ikasleek ikasturte bakoitzean egin beharrekoari dagokionez, eta exijentzia handiagoa, halaber, irakasleek hezkuntza-mailetan erakutsi beharrekoari dagokionez.

Baldintzatzaileak gorabehera: botere ekonomiko, sozial eta kultural txikiagoko familiak, ekonomia ahulagoak, hornidura gutxiagoko eskolak, hautapen txikiagoko irakasleak izan arren, gure familia eta eskolen testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala Finlandiako eskolekin alderatzen badugu, ikusiko dugu azken batean Portugal dela «ikasle saiatua».

Sistemak eta irakasle, guraso eta ikasleek argi ulertu zuten zorrotzak izateko eta probak egiteko exijentziak handiagoak zirela, eta ondorioz, irakasleek motibazio handiagoa izan zuten programa eta helburuak betetzeko, eta ikasleek motibazio handiagoa izan zuten ikasteko. Nire ustez, Portugaleko bilakaeraren kasuan, kontu-emate horrek azaltzen du emaitzen hobekuntza.

«Ikasleek etxerako lanak eramatea debekatuta dago, baina etxean ikasteko betebeharra dute»

Isabel Flores, hezkuntza-ikertzailea:

Portugalek gero eta gehiago hobetzen du PISA probetan, konpetentzia guztien emaitzetan: hizkuntza, zientziak eta matematikak. 2015ean, krisialdia zela-eta okerrera egingo genuela espero zenean, bada, ez zen hala izan: gure igoera eta joera finkatu genuen, eta hori deigarria izan zen.

Nik nabarmendu beharreko faktore hauek identifikatu ditut: eskolaurreko hezkuntza unibertsala, eta anbizio handiagoko familia eta gazte batzuk, bizitzan aukerak izateko eskolan gehiago sinesten dutenak...

Portugal bezain pobrea den herrialde batean, ikasleei laguntzeko emateko prest dauden irakasleak ditugu. PISA adierazleetako bat ikasleei egindako galdetegietan oinarritzen da, eta estatus sozioekonomiko eta kulturala adierazten du. Herrialdeen batez bestekoa egiteko ez da kontuan hartzen adierazle hori, eta Portugal batez bestekoaren azpitik dago, %40 inguru. ELGEren testuinguruan, herrialde txiroa da.

Azken urteotan, Portugalen asko aldatu da gizarte-ingurune zaila izan arren emaitza onak lortzen dituzten eskolen kopurua. Eta gobernuak inbertsio handirik edo politika handirik ezarri gabe gertatu da hori. Eta nik egiaz sinesten dut, Carcavelos ikastetxeak agerian utzi bezala, eskola bertako joera horiek gero eta maizagoak izango direla, eta gero eta ikastetxe gehiago izango direla hori egiteko gai. Gertatzen ari dena aldaketa isila da. Konturatu nahi dugunerako, gertatua izango da jadanik.

Gobernu batek edo besteak ezarritako politika publikoak baino gehiago, egiaz, eskola-komunitatearen barrutik eta ingurunetik datorren motibazio bat dago (batzuetan ingurune hori enpresak, elkarteak eta abar dira), eta eskolak pertsonen bizitza alda dezakeen ideia sortzen ari da horren ondorioz.

Biografia
Cascavelos ikastetxe publikoa ez da Portugalen hezkuntza bizitzen ari den bilakaeraren adibide bat besterik; hain zuzen ere, 2000. urtetik PISA txostenean dituen emaitzak hobetu dituen herrialde bakarra izan da. Besteak beste, neurri hauek hartu dituzte: ostiral arratsaldetako eskolak kendu dituzte; ikasleek 3. DBHra arte errepikatzea galarazi dute, ez dezaten motibaziorik galdu; etxeko lanak debekatu dituzte; eta gaitasun jakin batzuk sustatu dituzte (adibidez, jendaurrean hitz egitea edo ikaskideekin elkarlanean aritzea).