Carol Dweck

Psikologoa eta ikertzailea

"Ez dugu ahaleginera mugatu behar, baizik eta aurrera egiteko haurrak izan duen prozesuari erreparatu behar diogu"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Hiru eta lau urte inguruko haurren artean ere, pentsamolde finkoaren edo hazkuntzakoaren ezaugarriak ikusten dira, nahiz eta hura guztiz eratuta ez egon. Haur horietako asko adin horretan hasten dira hazkuntza pentsamoldea garatzen, baina beste batzuek, errieta egiten zaienean, kritikatu egiten zaienean edo zerbaitean huts egiten dutenean, hau pentsatzen dute: “Ez naiz pertsona zintzoa”. Eta hori pentsamolde finkoaren ezaugarri bat da. Ez dute jarraitu nahi esku artean zutenarekin. Gurasoak berehala kontura daitezke semea edo alaba beldurtu egiten den zailtasunen aurrean, erraz amore ematen duen edo bizkor frustratzen den, haurrak “Ezin dut hau egin” esaten badu benetan saiatu ere egin gabe. Halakoetan, zer gertatzen den jakin behar da. Hori da guraso eta irakasleen erronka handiena: zer gertatzen den jakitea. Azter dezagun, egin ditzagun gauza desberdinak, eta aurkituko dugu. Haurrei egin diezaiekezun opari handiena da erakustea berdin diola gauzak orain ez lortzeak, baina, denborarekin eta ahaleginarekin, ikasiz eta elkarlanean, lor daitezkeela.

Hasieran, ahaleginean jarri genuen arreta handia. Gero konturatu ginen jendeak estuegi hartzen zuela. Haien ustez, hazkuntza pentsalmoldea ahalegina egitean besterik ez zetzan, haurra ahalik eta gehien ahalegintzea zen garrantzitsuena (arrakasta izan ala ez), eta ezin zioten esan haurrari ondo egin zuela. Behin, hala esan zidan guraso batek: “Asko gustatuko litzaidake alabari esatea oso ondo egin duela zerbait lortzen duenean". Hau erantzun nion nik: “Baina, zer diozu? Jakina, esan diezaiokezu oso ondo egin duela, baina, gero, hitz egin ezazue nola iritsi den horraino”. Prozesua da garrantzitsuena, ez bakarrik ahalegina. Ume bati esaten badiozu oso gogor egin duela lan, baina benetan ez badu aurrerapenik egin, zergatik esan halakorik? Beste zerbait esan diezaiokezu: “Ahalegindu zara, eta oso ondo dago hori, baina ea nola hobetu dezakegun”. Ez dugu ahaleginera mugatu behar, baizik eta aurrera egiteko haurrak izan duen prozesuari erreparatu behar diogu, eta, prozesu horren amaieran, haurrak hitzeman behar du are gehiago hobetuko duela.

Inoiz ez da beranduegi ikasteko. Jende askorentzat ez da erraza aldatzen ikastea. Beti izan bazara erronken beldur edo beti pentsatu izan baduzu huts egiten dutenak ez direla hain bizkorrak, zaila izan liteke aldatzen ikastea, baina inoiz ez da beranduegi. Ikasle ohi batek adinekoak ikertzen dituen talde bat du; ikusi ahal izan duenez, memoria (eta ikasteko gaitasuna) hobetu egin daiteke hazkuntza pentsamoldea erakusten diezunean. Hortaz, inoiz ez da berandu; jende askok ditu pentsamolde finkoko eremu txikiak buruan. “Ezin dut hau egin, ez naiz gai matematika ikasteko, ez dakit instrumenturik jotzen, inoiz ez dut ikasiko beste hizkuntzat bat”. Halakoak dira… Edo, besterik gabe, esperientzia txar bat izan dute agian. Duela gutxi Lehen Hezkuntzako zenbait irakasle ezagutu nituen, eta, ziotenez, txikitan gorroto zuten matematika. Hazkuntza pentsamoldea bereganatu ondoren, matematikako ikastaroak eman zituzten, eta oso gustuko zutela eta matematikan oso onak zirela konturatu ziren. Inoiz ez da berandu zerbait berria ikasteko. Gaztea zinenean beharbada esperientzia txar bat izan zenuen, edo ez zenekien ondo marrazten, eta ez zenekien zergatik. Ez zenuen ikasi, baina horrek ez du esan nahi orain ikasi ezin duzunik.

"Erakutsi haurrari berdin diola gauzak orain ez lortzeak, baina, denborarekin eta ahaleginarekin, ikasiz eta elkarlanean, lor daitezkeela".

Ona da nota onak izatea; uste dut horretan ados gaudela denok. Baina garrantzi handia ematen badiegu, haurrak hau uler dezake: “Hobe da nota onak izatea ikastea baino. Nota onak izatea garrantzitsuagoa da gauzak ondo ulertzea eta gaian murgiltzea baino. Hobe da nota onak izatea ideia berriak izatea baino". Ahaleginik egin gabe nota onak lortzen badituzu, gurasoak oso pozik egongo dira, baina horrela ez zara prestatuko bizitzarako; besterik gabe, nota onak izango dituzu eskolan. Zerbait ondo ulertzen ez baduzu, gauza zailekin blokeatzen bazara, ideia berriak ez badituzu, ez badakizu arazoak beste ikuspegi batetik konpontzen… Ez badakizu zer interesatzen zaizun, gauza horiek guztiek ez zaituzte prestatuko bizitzarako.

Gustuko zer duzun bilatzeak ikaratu edo sailkatu egin zaitzake; alegia, ikaratu, aurkitu ez duzula uste baduzu, edo sailkatu, aurkitu duzula uste baduzu. Horregatik, nik ez diet inoiz esaten gustuko zer duten bilatzeko, baizik eta: “Pentsatu zeure buruaren bertsio atseginena zarela; zer egin nahiko luke pertsona horrek?". Eta, hortik abiatuta, beren interesak garatzera animatzen ditut. Beharbada ez dute aurkituko zuzenean zer duten gustuko, nahiz eta batzuetan jendeak lortzen duen; zenbaitetan, lehen begi kolpeko maitasuna izaten da, baina orduan ere landu eta garatu egin behar da. Baina, lehenengo arazoarekin topo egitean ez dugu halakorik pentsatu behar: “Ez zen nik nahi nuena; beste honekin saiatuko naiz". Garbi izan behar da interesak garatu egin behar direla eta, batzuetan, zailtasunak izango direla, eta horrek ez duela esan nahi zure interes handiena ez denik.

Hazkuntza pentsamoldeari buruz idatzi nuen eta ideia garatzen hasi nintzen lehenengo aldian, oso bistakoa zela iruditu zitzaidan, oso erraz uler zitekeela: trebetasunak hobetu daitezke. Orduan uste nuen, halaber, irakasleek erraz aplika zezaketela. Oker nenbilen. Jendeari eskatzen bazenion hazkuntza pentsamoldea definitzeko, ez zuten esaten gaitasunak hobetzean zetzanik, baizik eta ahalegina goraipatzean. Batzuetan, azalpen luze bat ematen zieten ikasturte hasieran, eta irakasleek pentsatzen zuten, bat-batean, ikasleek erronkak gorrotatzeari utziko ziotela, edo haurrak sailkatzen zituzten. Garbi geratu zitzaigun kontzeptua ezin zela erraz ezarri ikasgelan. Zer egin genuen? Lehenik, material ugari berriro irakurri genuen, ideiak sailkatu (gezurrezkoak direnak eta gezurrezkoak ez direnak), jendeari azaldu nola alda dezaketen beren pentsamoldea. Lankide batzuk ibilbide orri bat prestatzen ari dira irakasleentzat, non urratsez urrats zehaztuko baita nola aplikatu hazkuntza pentsamoldea ikasgelan. Lehenik, irakasleak bere pentsamoldea aldatu behar du. Irakasle askok hazkuntza pentsamoldea zutela esaten zuten, baina ez zen hala. Pentsamolde finkoa izanez gero, hala dugula onartzea da lehenengo urratsa; gero, akatsak egin behar ditugu ikasgelan, eta, ikasleen aurrean, haiek konpontzen ikasi. Matematikako irakasle ezagunenetako askok akatsak egiten dituzte, eta ikasleek oso gustuko dute, horrela denek elkarrekin aurki baitezakete irtenbidea. Notetan, garrantzia eman behar zaio haurrak erronka batekin topo egin eta aurre egin dionean; horrela, ikasle bizkorrenek ere ez lukete bikain izango lanik egiten ez badute. Aurrerapenen bat egon denean eman behar zaie garrantzia notei; ikastea eta hobetzea da garrantzitsuena, ikasteko prozesuan nahasita egotea naturala dela erakutsi behar zaie haurrei, baita horri aurre egiten ere, prozesuan jarri ahal izateko arreta, ez bakarrik ahaleginean, baizik eta baita estrategietan ere; behar dutenean laguntza eskatzen jakin behar dute, eskura dituzten baliabideak erabiltzen, eta ikasten laguntzen dieten ikaskideei laguntza eskatzen. Irakasleek gauza horiek baloratu, saiatu eta aitortu behar dituzte.

Biografia
Carol Dweck psikologiako irakaslea da Stanfordeko Unibertsitatean, eta zenbait kontzepturen sortzailea: pentsamolde finkoa eta hazkuntzakoa (hau da, entrenatuz eta ahaleginduz beren trebetasunak hobetu ditzaketela pentsatzen dutenena). Haren azterlanen arabera, gurasoek, irakasleek eta hezitzaileek hazkuntza pentsamoldea sustatzen lagun dezakete. Guraso edo hezitzaile gisa prozesua goraipatzen badugu, eta ez emaitza, haurrek hobeto egingo diete aurre erronkei, eta ez dute hain erraz amore emango gauzak zailtzen direnean.