Rafael Yuste

Neurozientifikoa

"Garuna deszifratuta, hobeto hezi ahal izango dugu".

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Garuna interesatzen zaigu, lagungarria izan daitekeelako geure burua hobeto ulertzeko. Nolakoak garen, nola sortzen duen garunaren barruan daramagunak gure bizitza mental guztia.

Oraindik ez dugu ulertzen nola funtzionatzen duen garunak. Ehun urte baino gehiago daramatzagu, Cajalen garaitik, belaunaldiz belaunaldi, eta hainbat milioi inbertitu ditugu munduko laborategi guztietan. Uste genuen banako neuronak zirela garuneko funtzionamendu unitateak. Hain zuzen ere, Cajalek proposatu zuen teoria hori. Baina, edozein animaliaren garunari begiratuta, geureari, adibidez; bada, 80 mila milioi neurona ditu. Pentsa zer diren 80 mila milioi neurona. Zifra astronomikoak dira. Eta elkarrekin konektatuta daude neurona horiek guztiak. Neuronak banan-banan aztertuta, ezin izan dugu deszifratu garuna. Hau da, elektrodoak jarrita, eta animaliak jokabide bat duenean edo pazienteak pentsamendu bat duenean nola aktibatzen edo desaktibatzen diren ikusita. Baliteke hortik etortzea arazoa, eta unitatea ez izatea neurona bat; aldi berean lanean ari diren neurona batzuek osatutako talde bat izatea unitatea.

Ez dakigu ikasten ari garenean garunean zer gertatzen den. Cajalek hainbat aukera ekarri zituen mahai gainera. Bat, neuronen artean konexio berriak eratzen direla. Beste bat, lehendik ere bazeuden konexioak sendotzen direla. Gaur-gaurkoz, biak ikertzen dituzte neurobiologoek.

"Norbait hezteko ahaleginetan ari zarenean, pentsatzen irakastea da egin diezaiokezun oparirik onena".

Historian zehar asko ikasi dugu haurrak hezteko funtzionatzen duten eta funtzionatzen ez duten moduei buruz. Baita ikasteko moduei buruz ere. Probak eginez, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko. Baina jakintza horiek, Irakasle Eskoletan eta hezkuntza sistemetan irakasten den guztiaren oinarria izan arren, ez zaizkio egokitu hori guztia sortzen duen makinari; alegia, garunari. Lotura falta dago hezkuntzaren eta neurobiologiaren artean. Bistan denez, lotura izan behar dute. Izan ere, haurrak ikasi egin badu, zer edo zer aldatu zaio garunean. Hor aldaketaren bat egon behar du, baina ez dakigu zehazki zer erlazio dagoen.

Nik neuk nire eskoletan ikusi dudanez, eta beti iruditu izan zait hala, nire hezkuntzan, irakasleekin izandako harreman pertsonalak izan du niregan eragin handiena. Hau da, banan-banako alderdi hori. Ezagutzen duzun norbaitek elkarrizketan eta hartu-emanean ematen duen inspirazioa. Hezteko modu egokiena bata bestearekin dela pentsatzen dut beti. Batzuetan, tutoretza moduan irakasten dut; hau da, ikasle bakoitzak astero entsegu bat idatzi behar du gai jakin bati buruz, eta nik zuzendu egiten diot eta harekin esertzen naiz horren gainean eztabaidatzeko. Hala irakasten dute, adibidez, Ingalaterrako unibertsitateetan, Cambridgen eta Oxforden. Motibazioa ere funtsezkoa da; hots, talde handiak dituzunean, galderak eginez bultzatu behar dituzu eskoletan parte hartzera. Nire esperientzia pertsonalean, haiekin zuzeneko harremana izatea da onena. Harreman pertsonala, zuzenean inspirazioa ematea. Estimulatzea. Eta emozionalki inplika daitezela. Gure garunak baditu nerbio sistemaren funtzionamenduan oinarritutako osagai emozional batzuk. Ezin ditugu banandu. Eta osagai emozionalek ikasten laguntzen dute. Errepikapenak ikasten laguntzen du, ustez zirkuitu neuronalak suspertzen eta sendotzen direlako. Eta inplikazio emozionala izatea ere lagungarria da.

Biografia
Neurobiologoa eta Biologia Zientzietako eta Neurozientziako irakaslea Columbia Unibertsitatean (Estatu Batuak). Rafael Yuste, gainera, unibertsitate horretako ikerketa neurobiologikoen Kavli Institutuko zuzendarikidea da 2004tik. Horrez gain, BRAIN (Brain Research Through Advancing Innovative Neurotechnologies) proiektua sortu zuen; hau da, giza garunaren mapa bat sortu nahian eta neuroteknologia berritzaileen bidez garuna ikertzeko asmoa egitasmoa.