María Jesús Álava

Psikologoa

"Frustrazioa jakintzaren bidea da, eta hori da adimenaren oinarria".

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Nerabezaroan, lehenik eta behin, pazientzia eduki behar da; eta bigarrenik, badakizu iragango den aldi bat dela, zorionez. Eta ondoren: ulertzeko gaitasun handia. Haiek ere ez daude gustura, ez dakite oso ongi non dauden, munduan beren lekua bilatzen ari dira, beren burua aurkitzen saiatzen ari dira. Askotan joko du probokatzera. Eta zure konfiantza eta lasaitasuna sentitu behar du, kontrolik galtzen ez duzula ikusi. Probokazioetan erortzen ez zarela ikusten duenean, autoritate handia lortuko duzu. Zuk badakizu, zurekin ezer ez jakin nahi duela esan arren, funtsean oraindik zure beharra duela. Segurtasun falta handiko momentu horietan, zure onarpena ere behar du, sentitu behar du oraindik harro zaudela berataz, gazte benetan bizkorra dela pentsatzen duzula, eta beregan konfiantza duzula. Begiratu ongi zertan eta norekin ari den, eta zer sintoma dituzten gehien kezka zaitzaketen gauzak, saiatu asko entzuten eta erreparatzen, eta hark horretarako baimena ematen dizunean soilik hurbiltzen.

Zein da gurasoek gainditu gabeko ikasgai nagusia? Argi eta garbi, bizitzen ikastea. Eta ikasgai bat balego, gure seme-alabei beren burua hobeto nola ezagut dezaketen erakusteko? Norberaren onena nola atera? Inguruko jendea nola ezagutu? Askoz ere sozialagoa nola izan? Nola ikasi entzuten? Nola ikasi arrazoitzen? Nola ikasi pentsatzen? Hau da, nola garatu adimen emozionala? Azken batean, bizitzen ikastea bezala izango litzateke. Geure burua hobeto ezagutuko bagenu, erlazionatzen jakingo genuke, zoriontsu izaten jakingo genuke, horixe izango litzateke azken finean guztiok lortu nahiko genukeen helburua, eta zailagoa izango litzateke gu manipulatzea. Hez ditzagun haur, nerabe, gazte eta heldu jatorrak, sanoak, eta manipulatzeko zailak.

"Beldurrak, erruduntasunak eta ziurgabetasunak asko kentzen digu gure seme-alabekiko harremanean. Horrek guztiak gure okerrena erakusten die".

Akats nagusietako bat gehiegizko babesa da. Haien bizitza erraz-erraza bihurtzeko ahaleginean, azkenean kalte egiten diegu. Azkenean, makuluekin egin beharko dute lehiaketa antzeko bat den bizitza hau, eta ezingo dituzte gainditu agertzen zaizkien oztopoak. Haien alboan egon behar dugu, bai, baina ez aurretik joateko; geratu atzean, besterik gabe, badaezpada ere uneren batean erortzen direla ikusten baduzu.

Haur guztiek behar dituzte ereduak, arauak eta mugak, eta akats bat da horrenbesterako ez dela pentsatzea, eta arazo handiagoak saihesteko amore ematea. Hori guraso askotan ikusten dugun zerbait da. Eta ez ditzagun anai-arreben aurrean amore ematera behartu ongi portatzen diren haurrak. Ez ditzagun batzuk sakrifikatu, ia beti hoberen portatzen dena sakrifikatzen baita zailtasun handienak dituenaren mesederako, eta hori bidegabekeria handia da. Baina badago asko kezkatzen gaituen oinarrizko gai bat; hain zuzen ere, irakats diezaiegun pentsatzen eta arrazoitzen. Badakigu eskuzabaltasunean datzala zoriona. Gaur egungo haur gehienak kontsumismoan hezten dituzte, eta guztia ematen badiegu ezeren truke, gauzei baliorik ez ematen hasten dira, eta azkenean ez diete baliorik ematen pertsonei ere ez. Hori zoritxar handia da. Laburbilduz, ez gara haien lagunak izan behar, ez ditugu gehiegi babestu behar, eta ez dugu arazo handiagoak saihesteko amorerik eman behar. Ezar ditzagun jarraibide, arau eta muga argiak; jardun dezagun haur bakoitzaren izaeraren arabera eta, berezitasun hori kontuan hartuta, batera ditzagun irizpideak gurasoon artean. Nor bere adinaren eta transmititzen duen berezitasunaren arabera tratatu behar dugu, eta haiengan konfiantza jarri, baina baita guregan konfiantza izan ere.

Ikasi ahal izateko, baliabideak garatzeko, haurra frustratu egin behar da. Hori da gaur egun dugun drama nagusietako bat. Gaur egun, batez ere hemezortzi eta hogeita hamar urte arteko jendea dator psikologia zentroetara. Duela hogei urte, gazteak ez zetozen psikologia zentro batera; gurasoek ekartzen zituzten etsi-etsian. Zergatik datoz orain? Ez dutelako bizitzari aurre egiteko baliabiderik; hau da, ezin izan dira frustratu, ez diegu eman aukera hori. Demagun haurtxo batek ibiltzen hasi nahi duela. Zer egiten du? Altxatzen saiatu, eta erortzen da. Frustrazioa, egiaz, jakintzaren bidea da, eta hori da adimenaren oinarria. Argi eta garbi, frustratu egin behar zara, bestela ez zarelako biziko, eta esperimentatu behar duzulako, noiz asmatzen eta noiz huts egiten ikusi, eta akats horietatik ikasteko. Frustratzen ez diren haurrek ez dute ikasten bizitzan. Bizitzan, egoera zailak biziko dituzte, batzuetan ezingo diegu lagundu, eta gertaera batzuetan benetan oso bakarrik sentituko dira. Baliabide horiek garatu ezean, oso zaila izango dute. Frustrazioa beharrezkoa da.

Biografia
Psikologiako lizentziatua Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta Psikologia Pedagogikoko masterra. Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean irakaslea da, baita Psikologiaren Sustapenerako eta Garapen Zientifiko eta Profesionalerako Espainiako Fundazioaren Aholku Batzordeko kidea ere. María Jesús Álava Reyes, gainera, hainbat lanen egilea da: besteak beste, 'La Psicología que nos ayuda a vivir’ entziklopediarena eta ‘La Verdad de la Mentira’, ‘La Buena Educación’ eta ‘La inutilidad del sufrimiento’ liburuena.