Jorge Ruiz

Musikaria eta Entzumen eta Hizkuntza irakaslea 

"Umeen sormena, talentu potentziala eta grina agorrezinak dira"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Nire benetako grina ez da musika soilik, baizik eta komunikazioa. Unibertsitatean ikasteko aukera izan nuen, eta Logopedia aukeratu nuen, hizkuntzaren terapia. Eta, bukatu nuenean, Entzumen eta Hizkuntzako irakasle izateko ikasketak ere egin nituen. Han, gauza asko ikasi nituen, eta gauza horiek guztiak nire grina dira gaur egun: hezkuntzaren mundua, talentuaren mundua eta hezkuntza sistemak gizakion potentzial osoa garatu ezin izatearen arrazoia. Kontatuko dudanak beharbada hainbaten arreta erakarriko du: handitu bitarteko hezkuntza prozesu osoan zehar, inolako talenturik ez nuela pentsatu nuen. Ondo irakurri duzue, bai: inolako talenturik ez. Ez zitzaidan iruditzen inori gustatuko zitzaizkionik, ezta ere, ustez ondo egiten nituen gauzak; ez nuen uste talentua edo potentziala aterako zenik. Handitu nintzen arte, bola beltz bat nintzela pentsatu nuen; guztiak gara bola beltzak, eta, tartean, bola gorri gutxi batzuk daude, zeinek talentua baitute. Eta bola gorri horiek zerbaitetan nabarmendu ohi dira, edo oso nota altua izan ohi dute, edo oso bistakoa den eta oso onak egiten dituen zerbait. Bola beltz gehienek ere badute zerbait, baina ez da ikusten.

Hogeita gutxi urterekin, Zuzenbidean matrikulatuta nengoen, ibilbide arrunt baten ondoren (oso ongi). Ez duzu dena suspenditzen, baina ez zara nabarmentzen. Baina, halako batean, nire gorputzak geldiarazi egin ninduen, antsietate nahasmendu baten bidez, eta hau esan zidan: «Honaino». Asko sufritzen ari nintzen, ez nintzen zoriontsua, ez zitzaidan batere gustatzen ikasten ari nintzena eta ezin nintzen nabarmendu; gauzak buruz ikasi behar nituen, besterik ez, eta ezin nuen sormena landu (edo hala sentitzen nuen). Antsietate nahasmenduak geldiarazi egin ninduen, eta dena alde batera uztera behartu. Ikasketak utzi nituen, eta hau esan nion neure buruari: «Zer egin nahi duzun ez dakizun arte, ez egin ezer. Ez joan joan nahi ez duzun toki batera, ez hartu hartu nahi ez duzun norabiderik». Hogeita gutxi urte dituzunean, horrek bitxia egiten zaitu. Ingurukoek berehala esaten dizute oker zabiltzala, zerbait ikasi behar duzula, edo zerbait egin, edo zerbaitetan lan egin, baina ez dizute esaten zertan, haiek ere ez dakitelako. Hori dela eta, bizitzako gauza guztiak geldiarazi nituen, eta gauza bakarra geratu zitzaidan argi: abestiak egin nahi nituela, txikitatik egiten nituelako. Familian ez nuen musikarekin erlazionatutako erreferentziarik; beraz, arlo erabat ezezaguna zen niretzat. Gainera, denek gauza bera esaten zuten: musikaren mundua oso zaila dela. Bitxia bada ere, gauza bera entzun izan dut gero beste gauza guztietaz ere: dena da zaila, batez ere hizketan ari denarentzat.

Zeure buruarengan konfiantza baduzu, bere onera etortzen da dena, baina aldiro izan behar duzu konfiantza zeure buruarengan, ez bideko une jakin batean bakarrik. Gero, Logopedia ikasten hasi nintzen; maketak grabatu nituen, eta lehenengo diskoa kaleratu; lehen aldiz, kaleratu egin ninduten… Inork ez zidan esan erraza izango zenik. Baina aurrera atera nintzen, eta hasierako akats bera egin nuela konturatu nintzen: bizkorregi nindoan nirea ez zen toki batera. Orduan, berriro dena geldiarazi nuen, ikasketak amaitu nituen, eta, etenaldi horretan, beharbada ezaguna egingo zaizuen abesti hau atera zen. "Dortoken sekretua" izeneko filosofiari buruzkoa da, eta goitik behera aldatu zidan bizitza. Baina logopediako bulego bat ere zabaldu nuen, eta, han, benetako umeekin lanean hasi nintzen, eta konturatu nintzen umeen sormena, talentu potentziala eta grina agorrezinak direla. Ez dut ezagutzen sortzailea ez den umerik; ez dago halakorik.

"Talentu potentzialaz jabetzeko, bere buruari entzuten ikasi behar du banakoak".

Talentu hori milaka modutara kanporatzen da, baina horrek ez du esan nahi hura ikasi ezin dugunik. Orain, gauza oso baliotsu bat eskaini behar zaio: arreta. Nik beti esaten dut, arreta esaldi baten bidez adierazi beharko bagenu, esaldi hori «maite zaitut» izango litzatekeela. Arreta ez emateak ez du esan nahi maite ez zaituztenik, baina ez zaituzte merezi duzun bezala aintzat hartzen. Hori bizitzako alor guztietan gertatzen da, ez bakarrik lanekoan edo zuenean, ikasleenean, baizik eta baita harreman pertsonalenean, familiako edo lagunen arteko harremanenean… Inori ez zaio gustatzen besteek arretarik ez eskaintzea; ez dut ezagutzen arreta nahi ez duen pertsonarik, arretak «maite zaitut» esan nahi baitu eta espezie gisa elkarrekin bizi garelako. Beraz, maitasunak bideko lehenengo puntua izan behar du; ezinezkoa da egiten dugun horretan maitasunik ez egotea. Hori dela eta, hezkuntzan ez ikusi egiten ari zaie, sistematikoki, barruan daramatzagun altxorrei. Hau ez da zerbait literarioa, ezta diskurtso huts baten parte ere; zientziak badaki hori, baita doktrinak ere, eta badaki, pertsona bati bere tokia emanez gero, azkenean nabarmenduko dela.

Denok dugu talentu potentziala. Talentua ez dago hezkuntzaren hasieran, baizik eta amaieran, eta denon ardura da bai gureari eta bai besteenei ateratzen laguntzea. Talentuaz konturatzeko, banakoak gai izan behar du bere buruari entzuteko. Ez diogu irakasten bere buruari entzuten, baizik eta bere buruari entzun behar dio, gaitasun hori gugan baitago jada. Ez da erakutsi behar, baizik eta kanporarazi. Ez badugu eragozten nork bere buruari entzutea, lehenago edo geroago, bere balioa aurkituko du, eta balio horretan lan egin nahi izango du, bizibide izango duen talentu bihurtzeko.

Gaur egungo hezkuntza sistema oso hotza da eta oso toki txikia uzten dio banakotasunari. hezkuntza sistema ordenagailu zentral bat da, eta gu disko gogorrak gara. Ordenagailu horretara lotzen gara, eta eduki hori geureganatzen dugu. Baina badirudi ez dugula sistemari zer eman. Oso taldekoia da. Hari lotzen zatzaizkio, edukiz betetzen zaituzte, eta joan egiten zara. Nire ustez, ordea, sistema horrek sistema asoziatiboek bezalakoa izan behar luke; adibidez, sarea. Bilatzaile bat, adibidez. Bilatzaileak kutxa hutsak dira, eta zuk zer interesatzen zaizun idatzi eta bilatu egiten duzu. Sistema zure interesez elikatzen da (edukia), eta zurekin batera handitzen. Eskolak berdin funtzionatu behar luke. zirrara sentiarazi behar dit, baina beti etikari jarraituz, eta galderak egiteko aukera eman behar dit; nire galderek zerbait eman behar diote sistemari, eta sistemarentzat motibagarria izan behar du nire galderak sortzeak. Horrela baino ezin du gizarteak bere onera etorri. Nire ustez, hezkuntzak soilik lor dezake gizartea goitik behera aldatzea. Ikaskuntza asoziatiboa (oro har edo ideia gisa) ahalbidetzen ez duen sistemak mugak jartzen dizkio bere buruari. Badira esperientzia batzuk, eta gauzak aldatzen ari dira, irakasleek eurek lan handia egiten dutelako aukera berriak eskaintzeko; halakoak erraz ikusten dira batez ere haur hezkuntzako ikasgela batean izan bazara: ulertzen ez baduzu, zureak egin du.

Biografia
Jorge Ruiz Maldita Nerea pop taldeko burua, kantaria eta konpositorea da; horrez gain, logopeda da, baita Entzumen eta Hizkuntzako irakaslea ere. Halaber, Promete Fundazioko talentuaren enbaxadorea da, eta "Bailarina" liburuaren egilea.