Cristóbal Cobo

Oxford Unibertsitateko ikertzailea

«Etorkizuneko irakasleak eta eskolak jadanik badaude, baina ez dira oraindik nahikoak».

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Hezkuntza sistemek, tradizionalki, ezagutza molde jakin batzuei eman diete balioa; zehazki, kode batean, datu-base batean, hiztegi batean hitzez jaso daitezkeenei. Baina badaude jardunarekin, eskarmentuarekin zerikusia duten beste jakituria mota batzuk, espazio informaletan eskuratzen direnak eta hezkutnza sistema formalek beti aintzat hartzen ez dituztenak. Hala ere, ikaragarri balioesten dira ondoren, bizitza profesionalean. Nolabaiteko tentsioa dago irakasten digutenaren eta bizitzan erabiltzen dugunaren artean. Eta arraila hori txikitu behar da. Zer aldaketa egin behar dira? Erabateko aldaketak egin behar dira, ez da kontu jakin bat soilik berritzea. Hezkuntza bestela ulertzeko modu bat pentsatu behar da. Ikasketa informalekin dialogo handiagoa duen hezkuntza mota bat, ezagutza esplizituari eta tazituari balio bera ematen diena, eta egiten jakitea ere balioesten duena. Orduan, iruditzen zait zerikusia duela ikasteko aspaldiko moduak aintzat hartzen dituen hezkuntza mota batekin. Eta, jakina, uste dut teknologiarekin egin daitekeela. Baina, berritzeko, teknologiak ez dira ezinbesteko baldintza.

Gaur egun, aukera handiak ditugu edukiak eta informazioak atzitzeko, eta horregatik, berriz pentsatu behar dugu zer den gogoratzeko garrantzitsua, eta zer den, beharbada, ordezkatzeko garrantzitsua. Hau da, gaur egun, hain garrantzitsua al da patrikan izan ditzakegun datu batzuk gogoratzea? Beharbada gaitasun moldakorragoak garatzeko erabil dezakegu entrenamendu hori, prestakuntza hori, nola ikasi ikasteko. Horrek esan nahi du tresna jakin batzuk eduki behar direla, eta ez dira horrenbeste teknologikoak, baizik eta ordena kognitibokoak; hau da, ezagutza bat zureganatzen duzunean, beste testuinguru batzuetara ere eraman ahal izatea. Horrek autoikaskuntzarekin du zerikusia.

«Orain makinak adimentsuago bihurtzen ari direla, geure buruari galdetzen diogu: zer ikasi behar dugu? Lankidetzan jarduteko, enpatia izateko eta beste batzuekin batera sentitzeko gaitasunak funtsezkoak dira. Makinek eraiki ezin dituzten gaitasunak dira.»

Autoikaskuntza sustatzeko, gauza garrantzitsuenetako bat honako hau da: ziurtatu behar da ikasleek ikasgelaz haragoko jakintzekin eta esperientziekin osa ditzaketela eduki «entziklopedikoak». Eta hori funtsezkoa da, eta beste erronka bat dakar berekin. Jakintzak ez ezik, trebetasunak ere aintzat hartzea, batzuetan neurtzeko zailak izan arren oso garrantzitsuak baitira.

Ikastetxeak eta Bigarren Hezkuntzak funtzio ugari betetzen dituzte, informazio-transferentzia soila izatetik harago. Espazio horretan gizarteratzen gara, herritartasuna eraikitzen dugu, nortasuna zehazten dugu eta adiskidetasuna adierazten dugu, besteak beste. Baina, beharbada, han ematen dugun denbora zeri eskainiko diogun pentsa dezakegu.

Ikastetxeek leiho handiagoak eta ate zabalagoak izan behar dituzte. Ez gizartea eskolara ekartzeko soilik, baita eskola gizartera eramateko ere. Arraila horiek txikitzeko.

Biografia
Oxford Unibertsitateko Internet Institutuko ikertzaile elkartua, Ceibal Fundazioko Ikerketa Zentroaren zuzendaria (Uruguai), eta Unescoren Hezkuntza Baliabide Irekien Sare Globaleko kolaboratzailea. Nazioartean erreferentzia da berrikuntzaren, teknologiaren eta ikaskuntzaren alorrean, eta liburu hauek idatzi ditu, besteak beste: «Planeta Web 2.0», «Aprendizaje invisible» eta «La innovación pendiente». Ikerketa Ekonomiko eta Sozialerako Britainia Handiko Kontseiluak haren lana aitortu du.