Blanca Portillo

Aktorea

"Haurrei artea eta kultura kentzen badiegu, zer-nolako mundua eraikiko dute?".

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Herrialde askotan, antzerkia nahitaezko irakasgaia da. Nire ustez, mundu guztiak noizbait egin beharko lukeen zerbait da. Baina, haurtzaroan, haurrekin, une zaila da, ez dituztelako bizitzan moldatzeko tresnak. Nik eskolak eman dizkiet haurrei. Tresnak falta dituzte. Eta lotsa ugari dituzte. Garai horretan, kanpoko munduari aurre egin behar diote, etxean mundu nolabait erosoa dutenean. Antzerkiaren bidez, lehenik eta behin, zintzoki jar zaitezke besteekin harremanetan. Hori ñabartu beharreko kontu bitxi bat da. Ikastetxean zaudenean, ikastetxean adieraz daitekeena adierazten duzu. Baina antzezten ari zarenean, lehenik eta behin beldurra, zirrara, adierazi behar dituzu. Zure emozioekin lan egingo duzu, barregarri geratzeko beldurrarekin. Barregarri geratzeko beldurra galtzeko.

Huts egiteko eskubidea, antzerki irakasgaiek etengabe baimentzen dute hori. Hain zuzen ere, antzerkiaren oinarria huts egitea da. Ikasteko, huts egin behar da, gero ongi egin ahal izateko; huts egitea, asmatzea, huts egitea, hobeto nola egin ikertzea. Beraz, gogamena irekitzen zaie, beldurra kentzen zaie. Nik gogoan dut behin mutil bat izan nuela, esan dezagun taldeko oilartxoa zela. Mutil hura guztietan harroxkoena zen. Besteek nolabaiteko beldurra zioten. Txantxaren bat egiten zuenean, guztiek barre egiten zuten. Orduan, erabaki nuen pertsonaia serioena, sentiberarena, tristeena emango niola. Eta jabetu zen, bere baitan, horrek ez ziola ikaskideen artean osperik galarazten, eta, gainera, besteei aurpegi ezezagun bat erakusten ari zitzaiela, besteek bera egiaz maitatzea eta mirestea eragiten zuena. Mutil hark serio hartu zuen, eta ardura handiz hasi zen lanean. Beraz, bestelako lider bat izaten hasi zen, zintzoagoa, negar egiten zuelako, gai zelako lagunen aurrean negar egiteko. Eta hori karanbola bat bezala izan zen, besteengana hedatu zen. Tira, aukera hartan, arazoa izan nuen irakasleekin, haurrek denetarik ikasteari utzi nahi izan ziotelako. Beste jarduera guztiak utzi, eta antzerki eskolak soilik eman nahi zituzten. Bide ugari irekitzen dizkie, batez ere gogoan. Eta besteekin erlazionatzeko eta lotsa galtzeko moduan.

"Jendaurrean hitz egiteko beldurrari aurka egiteko, ona da jakitea ez dela ezer gertatzen akatsen bat egiten baduzu edo zer esan jakin gabe geratzen bazara"

Gauza asko egiten ditugu, edo egin gabe uzten ditugu, lotsa dela eta. “Nik ezingo dut hori egin". Zergatik ez? Shakespeareren 'Uda gau bateko ametsa' egin genuen. Orduan, ezinbestean, mitologiaz hitz egiten hasten zara; Shakespeare idazleari buruz hitz egiten hasten zara, ez soilik antzerkigile gisa; eta haren garaiaz ere hitz egiten hasten zara. Beraz, zeharka, irakaskuntza orokorrarekin zerikusia duten gauza pila ikasten dituzte, baina beren bitartez ikasten dituzte, beren gorputzaren bitartez. Eta ikaragarri pizten zaie jakin-mina. Eta gero, ikasten hasten dira beste norbait gabe ez zarela ezer, eta hori ere garrantzitsua da. Kontua ez da onena izatea; kontua da kate maila indartsua izatea, kate sendo baten barruan. Eta taldea egiten da, taldea sortzen da, eta horren barruan guztiok laguntzen diote elkarri, eta norgehiagokak desagertzen dira.

Denboraren % 99an, aktoreak ez ditu bere hitzak adierazten, pertsonaia baten bitartez hitz egiten du. Beraz, nik badakit zer esan behar dudan, jadanik ikasi dut. Eta ez dut neronek esaten: hark esaten du. Hor jadanik desagertu da arazo erdia. Nik ulertzen dut hitz egitea zera dela: begira dudan jende multzo baten aurrean aritzea, gidoi idatzirik eduki gabe, eta ez dakit zer esango dudan, eta neu ari naiz hitz egiten. Oraingoan ez naiz ni, pertsonaia bat da. Lehenik eta behin, uste dut norberak onartu egin behar duela, jendaurrean hitz egingo badu, horrek urduri jartzen duela. Inork ez du barregarri geratu nahi. Gauza bat da jendaurrean hitz egitera ohituta egotea, eta beste bat horri beldurrik ez izatea. Beti ematen du beldurra, eta nik uste hori onartu beharreko gauza bat dela. Bestalde, ona da jakitea huts egiten baduzu ez dela ezer gertatzen, zer esan jakin gabe geratzen bazara ez dela ezer gertatzen. Ez da inor hilko. Arrisku bakarra barregarri edo lotsagarri geratzeari diozun beldurra da, zuk zeure buruari jartzen diozun eskakizuna, eskatzen diozun maila. Nire ustez, jendaurrean hitz egiten dugunean, badago gogoratzea kostatzen zaigun zerbait; alegia, hor dagoen jendea entzuteko prest dagoela.

Jendaurrean hitz egitearen erronka handienetako bat arreta gureganatzea da. Erakartzea. Eta arreta gureganatzeko, modu bakarra dago: ematea. Ematea. Eskuzabaltasuneko ekintza bat da. Eta hori asko igartzen zaie politikari batzuei. Ez duzue inoiz sumatu, politikari batek guretzat hitz egiten ez duenean? Honela egiten du: bere baitara biltzen du begirada, eta beretzat edo jendetza batentzat hitz egiten du.

Jendaurrean hitz egitea eskuzabaltasuneko ekintza bat da. “”Zerbait dut zuei emateko”. Eta, une horretatik aurrera, jendea zurekin doa. Non eta ez duzun tontakeriaren bat esaten. Edo lekuz kanpo dagoen zerbait. Uste dugu jendaurrean hitz egitea zera dela: jaun edo andre batek existitzen ez diren batzuen aurrean edo jende masa baten aurrean egiten duen zerbait. Ez, norbanakoak dira, bai batzuk bai besteak, eta interesgarriak dira. Hala pentsatzeari uzten diozunean hasten zara bestearekin komunikatzen, arnasa hartzen, eta zer esateko duen beste gizaki bat izaten, besterik gabe. Polita da, ezta? Horrela begiratuta beldurraren zati bat kentzen zaizulako.

Biografia
Blanca Portillo Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako lizentziaduna, aktorea, zuzendaria eta ekoizlea da. 2012an Antzerki Sari Nazionala irabazi zuen, eta horrez gain eszenako zuzendaritza onenaren Max saria ere eraman zuen, ‘La avería’ antzezlanari esker. Gainera, oso ezaguna da zineman eta telebistan hainbat rol antzeztu dituelako.