Mar Romera

Maistra eta psikopedagogoa

«Haurrei ez diegu ematen huts egiteko, bizitzeko edo porrot egiteko baimenik; arrakasta izatera behartzen ditugu»

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Nire ustez, eta bizi izan dudanarengatik pentsatzen dut hala, funtsezkoa da konfiantza izatea, guk dugun guzti-guztia, gure poltsa osoa, jokatzea haur bakoitzak jokatu behar duen partida horretan. Hortik aurrera, arrazoi askorengatik, eta unibertsitatearen ondoren zenbait erreferente aurkitzean zorte handia izan nuelako, egiaz uste dut etorkizunak irtenbidea duela, nik ere hala izan nuelako. Eta nik izan banuen, bizitzari zor diot gainerakoek ere hala izateko apustu egin ahal izatea.

Gurasoei galdetzen diedanean «zer nahi duzu zure haurrarentzat», eta esaten didatenean «zoriontsu izan dadila»; horrek susmo txarra sortzen dit. Nik askotan esaten dut ez dudala nahi nire alabak zoriontsu izatea («izan» aditza erabilita); izan ere, zoriontasuna, zeina pozetik baitator, dopamina da. Eta dopaminak mendekotasuna sortzen du. Hau da, ni gaur ongi nago dopamina zati honekin, baina bihar apur bat gehiago beharko dut, eta etzi apur bat gehiago. Zoriontasuna bilaketa bat da, ez egoera bat. Beraz, gurasook gure seme-alabak zoriontsu izatea nahi dugunean, egiazkoa izan ezin den entelekia bat bermatzeko gehiegizko hipersuperbabesaren sintoma bat da. Egiaz, emozioa, unea eta modua aukeratzen ikasi beharko genuke. Beraz, gure haurrek poztasuna, beldurra, haserrea, tristura... emozio guztiak bizi behar dituzte. Eta hori ez da hitzen bitartez erakusten. Hori bihotzez bihotz erakusten da. Eta bihotzez bihotz erakusteko, ez da apunteekin ikasten. XXI. mendean gaude, eta Gerverrek aipatu digun edo eta beste hainbestek eztabaidatu dugun XXI. mendeko hezkuntza ezin da izan jakintzaren hezkuntza; izatearen hezkuntza izan behar du.

«Eskola bizitzen ikasteko behar dugu, ez irakurtzen ikasteko. Eta eskola haiek irakurtzearekin, eduki gehiago sartzearekin tematzen da. Baina ikasleei ez diegu ematen huts egiteko, bizitzeko edo porrot egiteko baimenik»

Ez diegu gure haurrei bizitzen, erortzen, hausten, kaltetzen uzten, gehiegi babesten ditugulako; hala, egoera benetan traumatikoa datorrenean, ez daude horretarako prest. Hori entrenamendu kontu bat da. Lehenengo, partxis-partida bat galduko dut. Ondoren, lagun batek ez nau bere urtebetze-festara gonbidatuko. Gero, maskota hil egingo da. Gero, baliteke nire gurasoak banantzea. Ondoren, nire aitona hilko da. Zuk egokitzeko eta emozioak entrenatzeko prozesu guztia galarazi badidazu, zer edo zer galdu eta hiltzen zaidanean, gaizki.

Ez du jakiteak eraldatzen, izateak baizik. Ez dugu ikasten erakusten zaiguna. Maite duguna, aurrean duguna, ikasten dugu, gure erreferente bihurtzen denean. Eta erreferentea, azken finean hori baita garrantzitsua, berbera da tradiziozkoan eta ordezkoan, berdean edo horian; hau da, berdin zaizkit metodologiak. Berdin zait, «andereño», lanerako hizki borobilak, karratuak edo hiruki formakoak erabiltzen dituzun. Berdin zait tabletarekin edo arkatz eta paperarekin edo ikatz-ziri batekin lan egiten duzun.

Biografia
Pedagogian eta psikopedagogian lizentziatua, adimen emozionalaren arloko erreferenteetako bat da Espainiako hezkuntzan. Mar Romerak aldarrikatzen du familia dela emozioen lehenengo eskola, eta ohartarazten du gehiegi babesten ditugula gure seme-alabak, haiek emozionalki ahultzeraino. Hezkuntza-etapa guztietan lan egin du: haur, lehen eta bigarren hezkuntzan, lanbide-heziketan eta unibertsitatean.