Manuel Campo Vidal

Kazetaria eta Komunikazio irakaslea 

"Entzuten duenak besterik ez du ongi hitz egiten; izan ere, badaki zer egoeratan dagoen berarekin hitz egiten ari den pertsona"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Mundua bitan banatzen da: istorioak kontatzen dakitenak, eta ez dakitenak. Beraz, ikas dezagun istorioak kontatzen. Istorioak ongi kontatzen badituzu, hobeto moldatuko zara, berdin dio zertan lan egiten duzun. Emaitza hobeak lortuko dituzu, gehiago salduko duzu, konfiantza handiagoa lortuko duzu. Hortaz, garrantzia eman behar diogu komunikazioari, eta garrantzia eman behar diogu hitzari. Askotan, hitz egin bai, baina ez dakigu zehazki zer esaten ari garen. Hitz bakar batek bizitza alda diezazuke. Hitz bakar batek norbaitengandik urruntzen zaitu; beharbada atsegin duzun norbait da, eta hitz horrek arbuiora zaramatza. Edo gerturatzeko modua ematen dizu. Garrantzitsua da hitza isilunez laguntzea. Aurretik duen isiluneak ematen dio hitzari eztanda egiteko aukera, guk aditzeko aukera. Eta, esaldiaren ondoren, esan osteko isiluneak hitzak gureganatzeko eta barneratzeko aukera ematen digu guztioi. Ordenagailu baten aurrean egon eta zera esango bagenu bezala: “Gorde”. Bada, une hori hain justu.

Hitza zaindu, prestatu, isilunetan bildu eta aurkezteko gai bagara, ideia horiekin besteak konbentzitzeko gai izango gara, gure jarrerak hobeto defendatzeko gai izango gara eta, azken batean, mundu hobea egiteko gai izango gara. Izan ere, munduan badira hainbat lagun –zorionez, milaka–, guztion onerako lanean ari direnak: errefuxiatuei lagundu nahian, gure kostaldera iristen diren pertsonei lagundu nahian, abagune gutxiago dituztenei lagundu nahian, eskola eta unibertsitateetan irakatsi nahian. Hitza ongi erabiltzen badakite, isiluneekin ongi konbinatzen badute, gai izango dira beren jardunaren eraginkortasuna handitzeko.

Komunikazioa da gainditu gabeko irakasgai nagusia. Kazetaritza eskoletan ere ez da erakusten ongi komunikatzen. Harrigarria gerta daiteke, baina halaxe da. Bizitzaren edozein arlotan: kazetaritzan, zuzenbidean, eguneroko bizitzan, zalantzarik gabe medikuntzan. Arlo guztietan ezinbestekoa da ongi komunikatzea, eta gutxien irakasten den irakasgaia da, ordea.

"Garrantzia eman behar zaie komunikazioari eta hitzari. Hitz bakar batek bizitza alda diezazuke"

Komunikazioa nahitaezko irakasgaia izan liteke, eta hala balitz oso lagungarria izango litzateke guztiontzat, baina, dena dela, nahikoa izango litzateke praktikan gauzatuko balitz. Zer diferentzia dago Espainiako eta, oro har, Latinoamerikako haur baten (badira zenbait salbuespen) eta haur anglosaxoi baten artean? Anglosaxoiek etengabe parte hartzen dutela, eta latinoek ez, ez digutelako galderarik egiten. Beraz, ez gaituzte igorle izateko prestatu; hartzaile izateko besterik ez gaituzte prestatu. Hortxe gaude, irakaslearen aurrean, ia-ia urrutiko aginte mentala edukiko bagenu bezala: gaia ez bazaigu interesgarria edo erakargarria iruditzen, botoia sakatu eta kanalez aldatzen dugu, eta gure gauzetan pentsatzen hasten gara, eta inork ez du jakingo zertan ari garen pentsatzen, ez digutelako irakatsi igorle izaten. Lanbidean asko aldatzen da kontua; izan ere, etenik gabe ahozko azterketak egiten zituzten gazteek, ia-ia egunero jendaurrean hitz egin behar zutenek, haurretatik komunikazioa praktikatu dutenek, beldur eszenikoa gainditzen dute, eta gai dira azterketak hobeto egiteko, gauzak hobeto adierazteko. Bitartean, gu beldurrez gaude, eta gainera, norbaitek gelan parte hartzen badu hitz egiten duelako, zoritxarrez –eta ondotxo dakigu hala dela– kaskarkeria da nagusi, eta, beldur eszenikoa gainditu duelako inbidiaz, honelakoak esaten hasten dira batzuk: “Zu 'pelota' bat zara, irakasleak zuri erreparatzea nahi duzu", eta abar. Eta, hala, nolabait hertsatu egiten da gelaren aurrean hitz egin nahi duen gaztea. Beraz, gertatu beharko litekeenaren alderantzizkoa ari da gertatzen.

Irakasleak, jakitunenak, nolabaiteko tentsioa du jendaurrean hitz egin aurretik. Nik neuk, hainbat telebista saio ditut eginak, eta hemen sartu aurretik nolabaiteko tentsioa sentitzen nuen. Izan ere, ongi komunikatu nahi dut, komunikatzea nekeza delako, ahots kordak mugitzen dituzulako, hitz jakin bat bilatzen ari zarelako; hots, zure iritziz uler daitekeen esaldia. Entzuten ari zaizkizun pertsonen begirada irakurri nahi duzu, zure jakintzak edo unean-unean ematen dituzun azalpenak ulertzen eta aditzen dituzten ikusteko. Bereizi egin behar dira beldur eszenikoa eta tentsio eszenikoa.

Hoberena zera da: hona iritsi, eta non hitz egingo dudan jakitea; hemen jende talde bat egongo da, hemen beste bat, hemen kamera batzuk... Girotzea, berdin dio ikasgelan den edo non den; izan ere, horrek asko laguntzen du, tentsioa arintzen du. Jakina, aurrez prest eduki behar dugu, bestela zentzugabeak izango garelako. Norbaitek dionean: joango naiz, eta ea zer ateratzen zaidan. Bada, edozein astakeri, edo ezer ez, edo zorakeriaren bat, eta dezente okerragoa da zorakeriaren bat esatea ezer ez esatea baino.

Oso ona da ikasleei ideia bat defendatzeko debateak prestatzen laguntzea. Izan ere, horrela, beldur eszenikoa gainditzen dute, argudiatzeko gai dira, badakite ezin dela hitz egin aurrez gaia ongi prestatu eta aztertu gabe, eta ezin dela inprobisaziora jo. Ez naiz horra joango ea zer ateratzen zaidan, eragozgarri izan daitekeen hitzen bat esan dezakedalako. Debate lehiaketek asko errazten dituzte azalpenen teknika eta jarduna, eta ondoren, hori baliagarria izango da produktu bat saltzeko, herrialde bat saltzeko, edo beste edozein harremanetarako. Teknikari ez ezik, edukiari ere erreparatu behar zaio. Beraz, dena prestatu behar da: ongi prestatu eta aztertu behar dira esan nahi duzunaren edukia eta portzentajea, eta horrek esandakoaren presentzia eta indarra areagotuko du. Dudarik gabe, oso garrantzitsua da ahozkoa ez den komunikazioa ere, ezin da bestela izan. Garrantzitsua da gauzak zer ahots tonurekin esaten diren, jakina. Nola erabiltzen diren isiluneak, kontu garrantzitsuren bat esan nahi den bakoitzean. Ikastetxeetan eta unibertsitateetan debateak egitearen eta sustatzearen alde nago.

Biografia
Kazetaria, Soziologiako doktorea, ingeniari tekniko industriala, Espainiako Telebista Zientzien eta Arteen Akademiako eta Next International Business School eskolako presidentea, eta Enpresa Komunikazioko Institutuaren zuzendaria. TVEn eta Antena 3 TVn albistegiak aurkeztu eta zuzendu zituen, eta ondoren azken kate horretako zuzendari eta presidenteordea izan zen. Besteak beste, Ondas saria, Komunikazioaren Eraginkortasunaren Castelar saria eta Kazetaritza Independentearen Camilo José Cela saria irabazi ditu.