Ángel Peralbo

Ángel Peralbo, psikologoa 

"Nerabeek arreta, mugak eta entzute aktiboa espero dituzte gurasoengandik".

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Nerabezaroan, atzean uzten dugu haurtasuna. Eta horrek gazte eta heldu bihurtzeko aukera ematen digu. Funtsezko lehen ezaugarria da epe labur batean erabateko iraultza gertatzen dela. Gainera, nerabeek ongi dakite zer ari zaien gertatzen. Kontua da ez diotela zentzu handirik aurkitzen. Dagoenarekin hausten duen garai bat da. Nerabeei arreta ematea eskatzen du. Asko hitz egin dugu haiei buruz, baina beharbada ez dugu sakondu haien benetako premietan.

Arazo batzuk agerikoak dira, eta beste batzuk ez dira ikusten. Eta gurasoek oso adi egon behar dute. Eta, gainera, etapa horretan beren burua isolatzera edo beren baitan duten intentsitate hori guztia agertzera jotzen dutenez, garrantzitsua da bloke hori ere kontuan hartzea. Bistakoak diren horietatik hasita, jakina: adibidez, arrisku jokabideetatik. Arrisku jokabideak ohikoak dira nerabezaroan. Gainera, ikuspegi hori helduaroarekin lotzen badugu, orduan sortzen dira bulkadak kontrolatzeko ezintasunarekin lotutako arazo gehienak. Eta, noski, mendekotasunak. Elementu arriskutsu horiek (esaterako, alkohola, kalamu kontsumoa, tabakoa) gure arazo handienetako bat osatzen dute. Izan ere, adin honetan mamitzen diren heinean, beren burua erregulatzeko zailtasun handiak dituzten helduak izango ditugu. Ez horrenbeste sexuaren kontu hori, jokabide goiztiarren kontu hori; horiek adin horretan gertatu behar dira. Esango nuke arrisku jokabide horiekin batera agertzen direnean bihurtzen direla kezkagarri. Egiaz kontrolik gabeko egoeratan gertatzen direlako. Hain zuzen, gero eta gehiago ikusten ditugu hori egin eta gero gaizki sentitzen diren haurrak. Ez baitute kontrolik izan, egiaz, horretarako. Nire ustez, horiek dira landu beharreko arazo handietako bi.

Beste arazo handi bat elikadura nahasmenduekin lotuta dago. Une hauetan larritzen ari den arazo handietako bat da. Eta goraka jarraitzen du, azken batean, bizimodu batean duelako oinarria. Jaten ikasteko modu batean oinarritzen da, baina baita bizitzen ikasteko modu batean ere. Gogoan izan behar dugu ez direla nerabetan hasten ereduei jarraikiz funtzionatzen, askoz lehenago baizik. Estetikari dagokionez, oso goiz hasten dira, eta batzuetan ezinezkoak diren estilo eta neurri batzuei jarraikiz. Beraz, txiki-txikitatik jadanik sortzen dira batzuetan agerikoak diren elementu batzuk. Haien adinerako estilo nabarmenegiak edo janariarekin manipulatzeko jokabideak ikusten dira.

"Hezteko, estilo autoritarioegiaren eta malguegiaren arteko oreka bilatu behar dugu".

Ikusi ezin diren arazoak aipatu ditut lehen. Egiaz, behatzaile onak bagara besterik ezingo ditugu landu arazo horiek, eta gure seme-alabekin komunikatzeko prozesu bat ezartzen badugu, haiekin hartu-emana eduki ahal izateko. Bestela, ezinezkoa izango da. Hezkuntza estilo urruna, hotza eta oso autoritarioa badugu, zaila izango da halako gaiei buruz hitz egin ahal izatea. Gure estiloa zeharo markatu gabea eta erabat malgua bada, eta guraso baino gehiago ia-ia haien kideko bagara, ezta ere. Zorroztasun hori galduko dugulako. Oreka hori lortu egin daiteke, arazorik gabe.

Beti esaten dugu, alde batetik, nolabaiteko mugak nahi dituztela gurasoengandik, lagunek ez dizkietelako jarriko; baina, horrez gain, entzute aktiboko prozesua ere nahi dute gurasoen aldetik, eta egiaz interesa ager dezatela. Nahiz eta batzuetan, paradoxikoki, hala ez iruditu.

Gauza garrantzitsuenetako bat gure segurtasun eremutik ateratzea da. Gurasoak seguru sentitzen dira eskolarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egitean: zenbat jan duzu, nola jan duzu, norekin egon zara, zer egin duzu eta zenbat etxeko lan dituzu. Badira zenbait gai, errepikapeneko eta behin eta berriroko protokolo bihurtzen direnak, eta orain nerabeek argi eta garbi ez dituzte jasaten. Uneren batean, beste nonbait jarriko dute arreta. Eta berez isolatzeko joera badute, horrek benetan ez konektatzera eramango gaitu. Lehenik eta behin: ahaztu komunikazio mota hori. Zer emaitza duen, hartzailea zein den eta harengan zer eragin duen: horrek guztiak ematen dio komunikazioari balioa. Beraz, nerabeak bestelako komunikazio baten hartzaile dira.

Erantzukizuna zer den eta heldua izatea zer den uler dezatela nahi dugu; izan ere, gauza askotarako heldutzat ditugu. Hala ere, ulertzeko zaila egiten zaigu jadanik igaro dugun aro bat, erabat ulergarria izan litekeena; zaila egiten zaigu maila horretara jaistea. Nerabearengana hurbildu behar dugu. Hau da, gai izan behar dugu hari entzuteko, zer interes dituen jakiteko. Epai kritikorik egin gabe, burutxo horretan zer dagoen eta zer interes dituen ulertu ahal izatea, hori da zailtasun handienetako bat. Hizkuntza askoz ere enpatikoagoa hartu ondoren, ahaleginak egiten baditugu bideo-kontsolan zer joko dituen jakiteko, edo beharbada guri heldu gisa batere interesatzen ez zaizkigun gai horiek zein diren ulertzeko; horrela konexio garrantzitsua lor dezakegu beharbada.

Gurasoek ere haien gauzetan interesatzea nahi dutelako nerabeek. Funtsezkoa da hori. Haien gauzak interesik gabeak iruditu arren, edo, besterik gabe, gure pentsamoldea eta egokitzat dugun ibilbidea urratu arren. Demagun, adibidez, haurrek egiten duten kirola, jotzen duten musika eta eskolaz kanpo egiten dituzten jarduerak gurasoek onartutakoak direla. Eta bat-batean, beste gauza batzuk egin nahi dituzte: esaterako, boxeoa. Eta, orduan, borroka ikaragarriak datozkie gurasoei gogora. Edo haurra musika tresna bat jotzen hasten eta musika talde batean sartzen dela, eta gurasoak ikaratzen hasten direla, batzuetan kezkatzen gaituzten arrisku jokabideekin lotzen dutelako hori. Hor apur bat jabetu behar dugu, eta nerabe horiekin konektatzen saiatu, poz handiz hartuko baitute. Ez hori partekatzea, zeren, izan gaitezen errealistak, gurasoei ez baitiete guztia esango, baina bai iragazten hastea. Batez ere, zer edo zer esanez gero gurasoak haserretuko ez direla ulertzen badute. Eta, bigarrenik, ez haserretzeaz gain, ez dietela kritikarik egingo, eta ez dietela esango buruan dutena sekulako astakeria dela. Bi elementu horiek ongi kudeatzen badira, askoz errazagoa izango da guztia.

Biografia
Psikologiako lizentziaduna eta Haurtzaroko eta Nerabezaroko Psikologiako graduondoduna, Ángel Peralbok 20 urte daramatza nerabezaroan gertatzen diren aldaketa sozialak eta biologikoak aztertzen. "Educar sin ira" eta "De niñas a malotas" liburuen egilea da, halaber.