José Ramón Gamo

Haurren neuropsikologoa eta irakaslea

«Neska-mutikoek ezin dute ikasgai bidez ikasten jarraitu. Eginez ikasi behar dute"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Eskola gorroto nuen, ikasteko zailtasunak nituelako. Dislexia izan dut. Eta oraindik ere badut, dislexia bizitza osorako baita. Eta gaur arreta-defizit izenez ezagutzen duguna. Horregatik nago gaur zuekin.

Ziur nago iraultza baketsu bakarra hezkuntzan egin daitekeela. Ikasgeletan egiten dugunaren kultura aldatu behar dugu. Eta ezagutza zientifikotik abiatuta egiten dugu hori. Hezkuntzak ezin dio zientziari bizkarra erakutsi gehiago. Guk ikerketa neurozientifikoko informazioa biltzen dugu, eta ikasgeletara eramaten saiatzen gara, ikaskuntza-prozesuak diseinatzeko eta irakasleek irakasten ikasteko tresnak eduki ditzaten. Izan ere, ikastea berezkoa dugu gizakiok, eta ezin dugu ezer egin beste norbaitek ikas dezan.

Ikasketa eragin, eta bide eman diezaiokegu. Nire helburua eta leloa hau da beti: haurrekin, utz diezaiogun inoiz egiten ez dituzten gauzak erakusteari, eta has gaitezen haiek ikasteko gauzak egiten. Gauza bat badakigulako ziur, eta aspaldiko jakintza bat da: garunak, eginez ikasten du. Eta, norbaitek ikaskuntza esanguratsua izan dezan, milaka ordu eman behar dira ikasketa-ekintzetan; ez dago ikasgeletan hitzaldi luzerik entzun beharrik, edo mekanikoki errepikatutako zereginak bete beharrik, arrazoibiderik sortu gabe.

"Norbaiten ikaskuntza-gaitasunerako, ahaleginez eta lan eginez hobera egin dezakeela sinesteak du eragin handiena, adimen-gaitasunak baino gehiago. Hori da hazkundearen pentsamoldea. Irakasleen baitan dago hazkundearen pentsamoldea sortzea"

Oso garrantzitsua da haurrek arrazoitzen ikas dezatela, zentzu kritikoa izan dezatela. Zentzu kritikoa izan behar dute, zeren, hartara, erantzuna eman ahal izango baitiote hemendik urte batzuetara, alboan ez gaituztenean eta aurrera ateratzeko tresnak eduki behar dituztenean, biziko duten errealitateari.

Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten ikasleekin, bi alderdi hartu beharko genituzke kontuan. Bata, zer hartu behar dudan kontuan egin ahal izateko. Eta bestea, zer hartu behar dudan kontuan ikasgelan zer dudan ulertzeko. Zergatik diot hori? Askotan, ikasle horiek adimen-gaitasun zoragarria dute. Ez dago nahasmendu horren eta adimen-gaitasunaren arteko korrelaziorik.

Ikusten dudanez interesatzen zaionerako oso ongi funtzionatzen duela, eta oso haur argia eta bizkorra dela, haren adimen-gaitasunari buruzko itxaropenak sortzen ditut. Baina ez dut ulertzen haur horrek disfuntzio neurologikoa duela garrantzi handiko alderdi batzuetan; adibidez, antolatzeko gaitasunean. Edo denbora luzez kontzentrazioari eusteko gaitasunean. Edo bultzadak kontrolatzeko garaian, eta beste haurrek baino maizago mozten nau. Edo hamar urte dituenez jadanik inhibitu beharko lituzkeen jokabideak ditu.

Oso garrantzitsua da irakasleak ongi jakitea haur horiekin neurologiaren alorran zer gertatzen den, eta ulertzea ezen, autonomiari, plangintzari, kontzentrazioari, bultzadak kontrolatzeari, emozioak erregulatzeari eta antzekoei dagokienez, haien funtzionamendua beti izango dela hiru edo lau urte gutxiagoko haur batengandik espero daitekeenaren pareko.

Biografia
Haurren neuropsikologian espezialista, tinko defendatzen du pertseberantzia eta hazkundearen pentsamoldea direla ikasleek hobetzeko behar dituzten gaitasun nagusiak. Haren ustez, ezagutza zientifikoak eta neurodidaktika hezkuntzan txertatuta, hobetu egingo litzateke haurren hezkuntza-prozesua