David Bueno

Biologo genetista

«Emoziorik gabe, garunak ez du ikasten»

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Nire izena David Bueno da, eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea naiz, Genetikako sailean. Genetikaren eta garunaren arteko harremana landu dut beti. Nola gure geneek erabakitzen duten gure garuna azkenean nolakoa izango den. Eta horrek neurozientzia lantzea dakar berekin. Neurozientzia jokabidea da, jokabidea ikaskuntza da, edo ikastea gure jokabidearen parte da. Eta hor hasi nintzen duela hamar edo hamabi urte neurohezkuntzaren gaia jorratzen; hau da, nola ikasten duen gure garunak, nola atera diezaiokegun etekina garunaren funtzionamenduari. Eta gaur horri buruz hitz egin nahiko nuke zuekin.

Neurozientzia ezezagun handia da oraindik; izan ere, duela hamabost edo hogei urtetik soilik ari gara giza garuna sakon lantzen. Ikasten dugun edozer gauza, konexio-eredu jakin batean gordetzen du garunak.

"Garuna dinamikoa da, ez da estatikoa. Etengabeko fluxuan dago, informazioa alde batetik bestera pasatzen. Informazio hori ezagutzak, kontzeptuak… izan daitezke, baina, batez ere, jarrerak eta gaitasunak dira"

Gure garuna zelulek, neuronek, osatzen dute. Gutxi gorabehera laurogeita bost mila milioi neurona ditugu garunean. Baina kopurua ez da garrantzitsua. Gizaki gisa funtzionatzeko gutxieneko kopuru bat behar dugu. Gehiago edo gutxiago izateak ez gaitu argiago edo inozoago bihurtzen, edo sormen handiagoa edo txikiagoa ematen. Neuronek elkarrekin egiten dituzten konexioak dira garunerako garrantzitsuak. Berrehun bilioi inguru konexio ditugu garunean. Ikasten dugun edozerk aldatu egiten ditu konexio horietako batzuk. Eta konexio-eredu horretan biltegiratzen dugu memoria. 

Hortaz, ikastea gure garuna aldatzea da. Fisikoki aldatzea, konexio berriak egiten baititugu. Hori da ikastea. Eta ez bakarrik hori. Zenbat eta konexio gehiago egin ikaskuntza batean, orduan eta hobeto gogoratuko dugu eta eraginkortasun handiagoz erabili ahal izango dugu. Eta ikaskuntzak zenbat eta garunaren eremu gehiago lotu elkarrekin, orduan eta hobeto gogoratuko dugu eta eraginkortasun handiagoz erabili ahal izango dugu. Horrek esan nahi du ongi ikasteko ikaskuntzak zeharkakoa izan behar duela eta testuinguru baten barruan gertatu behar dela. Testuinguruak askoz ere elementu gehiago hartzen ditu barnean. Hori da gure garunak nahi duena, nahiago duena, edozer gauza ikasteko. Kontzeptuak, jarrerak nahiz gaitasunak. Berdin dio. Garunak apur bat bereizten ditu; horietako batzuk automatiko bihurtzen ditu. Gaitasunak amaieran automatizatu egiten dira, eta kontzeptuak ez. Baina, konexio-mailan, hori da ikastea. Konexio berriak egitea.

Biografia
Biologiako doktorea eta Genetikako irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean. Neurozientziako espezialista. Dibulgazio zientifikoaren Europako sariduna eta "Cerebroflexia" eta "Neurociencia para educadores" liburuen egilea.