Angélica Sátiro

Sormenean aditua den pedagogoa

"Umeek kritikoki, etikoki eta sormenez pentsatzen ikasi behar dute"

Bideo osoa ikus dezakezu hemen.

Sormena alor berria da ikerkuntza teorikoan. Horrez gain, diziplina arteko alorra da. “Sormen” hitzak berak adiera bat baino gehiago izan ditzake. Nire ustez, sortzea da ideia berriak, ugariagoak eta hobeak asmatzea. Hau da, balioa duten ideiak. Eta, ondoren, alor batean baino gehiagotan aplika daitezke ideia horiek, askotariko hizkuntzen bitartez. Nire ustez, oso garrantzitsua da sormena gaitasuntzat hartzea. Gizaki guztiok izan dezakegu, berez. Eta gara dezakegu. Ez dago jende sormenduna edo sormengabea. Gaitasun horren garapen mailak daude.

Hezkuntza sistemak ez du sustatzen sormenaren garapena. Eta, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak egituratzeko modua dela medio, gaitasun hori moteltzen dela ikusten dut sarritan.

Noizbait iruditzen bazaigu norbaitek sormenik ez duela eta sormena erakutsi behar diogula, orduan oker gabiltza jadanik. Sormena ez da irakasten. Egin dezakeguna da sormenak garatzeko behar dituen baldintzak sortzea. Ateratzeko pizgarria ematea. Esate baterako, erantzun berritzaileak sustatzen dituen giro bat sortzea. Ikastetxean gure galderek erantzun bakarra eskatzen badute, eta erantzun hori bada zuzena eta bakarra, halakoak izateko entrenatzen baditugu, ez diogu mesederik egingo sormenez pentsatzeko gaitasunari.

Gure galderak aldatu behar ditugu, baita galdetzeko moduak ere. Galdera mesedegarriak egiten saiatu, eta erantzuna bilatzeko aukeren sorta zabaldu. Huts egiteko beldurrik gabe. Nork ez du inoiz akatsik egin bizitzan? Gizakiak berez egiten ditu akatsak; munduan gizaki gisa egonda soilik, jadanik huts egiten dugu. Lehenik eta behin, beldur hori zapuztu behar dugu. Gainera, garrantzitsua da gogoan izatea prozesuak ere sormenezkoak izan behar direla. Arian-arian eratu dadila, haur bakoitzak izateko saio asko egin ahal izatea, eta ez geratzea saio bakar batekin.

"Eguneroko egoera bakoitza haurrek sormenez pentsatzen ikasteko aukera bat da"

Sormena sustatzen duen giro bat eduki behar duzu. Giro horretan beti gauza bera egiten bada (rolak, bideak, denborak, egiteko moduak...), errepikatu besterik egiten ez badugu, nola nahi dugu garatu sormena? Eta, ikasgelan, gauza bera. Adibidez, ikasgelan haur guztiak eserita daude, norbaiti begira; alegia, irakasleari. Eta horra besterik ez dute begiratzen, haren diskurtsoari entzuten diote, eta azterketan diskurtso hori adierazi behar dute atzera. Nola garatu nahi dugu sormena horrela? Haur horiek beste alde batzuetara ere begiratu behar dute; beste haurren buruari eta aurrean dutenari begiratzeaz gain, elkarri ere begiratu behar diote. Ikasgelak giro polifonikoa eduki behar du.

Ikasgela ikerketa komunitate gisa tratatzen badugu, guztiak egongo gara erantzunak bilatzen, galdera berriak egiten, ikertzen, dogmatzat ditugun egiak auzitan jartzen, estereotipoak zalantzan jartzen, eta ez erantzun hutsal eta lasterretara etsitzen. Hori hala izateko, teknika bat aplikatzea besterik behar ez dela ulertu behar du irakasleak. Hori funtsezkoa da. Sormena bizi artean sustatu behar da.

Irakasleren batek, ikasgelan sormen handiagoko giroa izan nahi badu, gogoan izan beharko du hau: giroa aldian behin aldatu behar da, ezin da beti berdin utzi. Bestela, ezingo du ezer sustatu. Aldian behin gauzatxoak aldatu behar dira, eta aldaketa txiki horiek zer eragin duten ikusi. Eta giroan bertan, hormetan edo objektuetan, erronka jotzen duten gauzak eduki behar dira. Eta ez da erantzunik eman behar. Sormenezko pentsamoldeak irekitzea esan nahi du. Hau da, aukeran dauden ikuspuntu guztiak bilatzea, baina noiz edo noiz horiek guztiak bateratzea ere, erantzun batera iristeko. Eta, une horretara iritsitakoan berriz ere irekitzea, hainbat aukerari emateko bide, aukera horiei azaleratzeko modua ematea, eta ondoren berriz ere zehaztea. Hori arlo guztietan egin daiteke: matematikak, artea, musika, filosofia...

Biografia
Pedagogiari eta sormenari buruzko 200 lan baino gehiago idatzi ditu. Angélica Sátirok, gainera, Pedagogiako cum laude doktoretza atera zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Pedagogia filosofikoko graduondokoa egin zuen Minas Geraiseko Unibertsitate Federalean (Brasil). Gainera, hezteko bide berritzaileen inguruan ardaztutako zenbait proiektu ere jarri ditu martxan, bai Hego Amerikan, bai Europan. Haurrengan sormena eta pentsamendu kritikoa susta dadila lortzea du bere helburu etengabea.