Erditzeko prestatzeko klaseak

Erditzearen prestaketa klaseek zalantzak argitzen dituzte haurdunaldia, erditzea eta haurtxoaren zaintzaren inguruan

Erditzeko unea iritsi ahala, zalantza ugari sortzen dira: Nola hauteman erditzeko sintomak? Noiz joan behar da ospitalera? Etab. Zalantza horiek argitzeko, onena da erditzeko prestatzeko eskoletara joatea; horrez gainera, eskola horietan erditzeko prozesuari modu naturalagoan aurre egiten erakutsiko dizute.

Zergatik joan erditzea prestatzeko klaseetara?

Erditzeko prestatzeko eskoletan, haurdunaldiari, erditzeari eta erdiondoari beldurrik gabe aurre egiteko informazioa emango dizuete. Ezagutzen ez dugunak beldurra sortzen digunean, antsietatea eta ikara sentitzen ditugu.

Haurtxoa errazago jaioko da emozioak kudeatzen baldin badakizue eta ama fisikoki prestatuta badago.

Gainera, haurdunaldian, erditzean, erdiondoan eta haurra zaintzean sortzen zaizkizuen zalantzak argitu ahal izango dituzue, profesional adituekin batera, ulertu eta lagundu egingo baitizuete.

Eskola horiek laguntza psikologiko handia dira, haurra izango duten beste bikote batzuekin hitz egin eta iritziak eta esperientziak trukatu ahal izango baitituzue.

Nora joan?

Hainbat bidetatik eskaintzen dira erditzeko prestatzeko eskolak:

  • Osasun publikoak doan eskaintzen ditu halako eskolak osasun zentroetan. Emaginak antolatzen eta zuzentzen ditu tailerrak, nahiz eta batzuetan beste espezialista batzuek ere hartzen duten parte (psikologoak, ginekologoak eta pediatrak).
  • Aseguru medikoek ere eskaini ohi dute zerbitzu hori. Zuen aseguru medikoan gomendatuko dizuete nora jo.
  • Eskola pribatuak, partikularrak edo kolektiboak. Haurdunentzako askotariko jarduerak daude, fisikoki nahiz psikologikoki prestatzeko: erditze aurreko gimnasia, haurdunentzako yoga, uretako prestakuntza, edoskitze naturaleko eskolak, etab.

Ikastaro bat edo beste aukeratzerakoan, komeni da ordutegia eta galdutako eskolak berreskuratzeko aukera kontuan hartzea.

Noiz hasi?

Erditzeko prestatzeko ikastaro gehienak haurdunaldiko seigarren edo zazpigarren hilabetean hasten dira, nahiz eta zentro batzuetan informazio hitzaldiak eskaintzen diren lehenago. Onena da emaginari edo ginekologoari galdetzea.

Prestakuntza fisikoa eta erditze aurreko gimnasia, yoga, etab. haurdunaldiaren berri izatean bertan has daitezke, medikuak kontrakorik adierazi ezean.

Ama bakarrik joan daiteke eskoletara, edo lagunen batekin. Onena litzateke erditzean harekin egongo den pertsonarekin joatea, elkarrekin ikas ditzaten arnasa hartzeko eta erlaxatzeko teknikak. Aitaren presentziak konfiantza areagotzen du amarengan, eta erlaxatzen laguntzen dio.

Eskolak laguntza psikologikoa dira guraso izango direnentzat, haurra izango duten beste bikotze batzuekin hitz egin eta iritziak eta esperientziak truka baititzakete

Zer ikasten da?

Osasun zentroetan eta aseguru enpresa pribatuetan, erditzeko prestatzeko eskolek zati teoriko bat eta zati praktiko bat izan ohi dituzte. Aukera oso zabala da.

Eskola teorikoetan, gurasoek hauei buruzko informazioa jaso dezakete:

  • Erlaxatzeko eta arnasa hartzeko teknikak, mina arintzen laguntzen baitute.
  • Nola bereizi erditzeko sintomak eta zer urrats egin.
  • Erditzeko modu desberdinak: baginala, zesarea, uretako erditzea, etab.
  • Analgesia epidurala, minik gabe erditzeko.
  • Epiduralik gabeko erditze naturala eta mina arintzeko aukera naturalak.
  • Amaren zainketak erditu ondoren.
  • Edoskitze naturala.
  • Jaioberriaren zainketak. 

Gainera, gurasoek haurdunaldiari, erditzeari eta erdiondoari buruz dituzten zalantzak argitu ahal izango dituzte. Eskola praktikoek erditzeari aurre egiteko prestatzen dute haurduna, hauen bidez:

  • Sasoian egoteko eta ondoeza arintzeko ariketak.
  • Zoru pelbikoa edo perineoa indartzen duten ariketak.
  • Erlaxatzeko teknikak, erditze prozesuan zehar mina arintzeko.
  • Arnasa hartzeko teknika egokiak, uzkurduretarako eta pixa eta kaka egiteko zailtasun minberetarako.

Bigarren haurdunaldian edo zesarean ere bai

Nahiz eta bigarren haurdunaldia izan, komeni da prestatzeko eskoletara joatea, ikastaroek uzkurdurak izatean nola arnasa hartu edo umea botatzean nola bultzatu gogorarazten baitigute.

Zesarea programatu bada, garrantzitsua da eskoletara joatea, ariketek sasoian egoten laguntzen baitute, eta haurdunaldiko ohiko ondoeza arintzen. Gainera, zati teorikoa haurdun guztientzat da baliagarria.