Etxetik lan egitea: lan bizitza eta familia bateragarri egiteko beste modu bat

Lana etxetik egiteko aukera baduzu, lan-bizitza haurraren zaintzarekin batera dezakezu zeure diru-sarrerak murriztu beharrik gabe

Guraso guztioi egiten zaigu gogorra lau hilabete eskaseko haurtxo bat beste pertsona baten zaintzapean uztean, dela haurtzaindegian, umezain batekin edo aiton-amonekin. Arazoa da legeak aurreikusten dituen kontziliazio-neurri nagusiek (eszedentzia eta lanaldi-murrizketa) murrizketa dakartela diru-sarreretan, eta mundu guztiak ez du horretarako aukerarik. Lana eta familia bateratzeko konponbide bat lana etxetik egitea izan daiteke.

Lanbide liberalen eta komunikaziorako teknologia modernoen goraldiarekin, gurasoetako asko autonomoak dira gaur egun, eta aitatasuna edo amatasuna etxetik lan egitearekin uztartzen dute.

Bestalde, enpresa batzuk telelana errazten die bere enplegatuei. Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) eta Eurofound fundazioak 2017ko otsailean argitaratutako azterlan baten arabera, Espainian enpresen %13k eskaintzen du aukera hori.

Beharbada iritsi da unea zure enpresan aukera hori dagoen jakiteko, eta, ez badago, hori jartzea aztertzeko. Saiatzea da kontua.

Ordubete bularra emateko baimenerako

Aitak edo amak bularra emateko ordubeteko baimena har dezakete lan lanaldiaren barruan, edo bi ordu erdi lanaldiaren barruan, edo haien lanaldia ordu erdi murriz dezakete sarrera edo irteeran haurtxoak 9 hilabete betetzen dituen arte.

Gurasoen gehiengoak hautatzen dute ordu erdiz lanaldia murriztea, lanaldiaren sarreran edo irteeran murriztuz. Baimenaren ordua (edo bi ordu erdiak) interesgarria da, batez ere, haurtxoa lanetik gertu dagoen lekuan badago eta amari denbora ematen badio hura elikatzeko edo aitak edo beste pertsona batek haurtxoa gertura badezake lanera amak bularra eman diezaion atsedenaldi horretan.

Baimena gozatu egingo da edoskitze naturala zein artifiziala izan, haurtxoaren zaintzarako dela ulertzen baita.

Nola antolatu etxean lan egiteko

Etxetik lan egiteak abantaila ugari ditu, baina desabantailak ere izan ditzake ondo ez antolatuz gero edo mugak jartzen ez jakinez gero.

Ez da nahikoa etxean egon eta lan egitea, arau batzuk ere ezarri behar dira inguru osoak -lankideek, bikotekideak, seme-alabek, senideek eta, are, lagunek- errespeta dezaten laneko denbora eta etxean lan egiteko aukera inplikatutako guztien (enpresa, langilea eta familia) onerako izan dadin.

1. Ordutegi bat ezarri eta betetzen saiatu

  • Gomendagarria da egun bakoitza ahalik eta modu aurreikusgarrienean antolatuta izatea. Ezarri ordutegi batzuk eginkizun bakoitzarentzat (haurtxoa elikatu eta jantzi, bazkaria prestatu, lan egin...), kontuan izanik haurtxo bat izanez gero ustekabeak gerta daitezkeela eta horiei erantzun beharko zaiela.
  • Etxeko lanak lanerako ezarritako ordutegiaren aurretik edo ondoren egitea litzateke aproposena, eta ez laneko ordutegi horren barruan. Ez da oso eraginkorra e-posta bati erantzutea janaria prestatzen edo garbigailua husten ari garen bitartean. Bi gauza aldi berean burutzen badira, baliteke horietako bat ez ondo burutzea.
  • Komeni da haurtxoaren lokuluxkak baliatzea kontzentrazio handiagoa eskatzen duten lanak egiteko. Errendimendu hobeagoa lortzen da lan berari denbora bat eskaintzen emanez gero.

2. Inguratzen zaituztenei zure lan-ordutegia errespetatzea eskatu

Inguruari (familia, lagunak) argi utzi behar zaio garrantzitsua dela zure lan-ordutegia errespetatzea.

  • Etxean egoteak ez du esan nahi prest egongo zarenik eguerdi aldera etxean bisitak hartzeko edo enkarguak egiten ibiltzeko. Azaldu iezaiezu ezingo zenuela egin kanpoan lan egingo bazenu, eta etxean lan eginez gauza bera lortzen dela.
  • Haur nagusiagoak badituzu, ulertzeko moduan direnak, komeni da horiei azaltzea zuk etxean lan egiteak ez duela esan nahi denbora guztian ehuneko ehunean haientzat prest egongo zarenik. Kontaiezu etxean lan egitea erabaki duzula familia hobeto zaintzearren, baina lehen kanpoan egiten zenuen lana egin beharra duzula eta kontzentrazio beharrean zarela.

3. Bidezko orduetan egin lan

LANEren ikerketak adierazten du, halaber, etxean lan egiten duten pertsonek euren lanaldia luzatzeko joera dutela. Ordu kopuru jakin batera egokitzen saiatu behar da ahal den neurrian, eta, batez ere, behar diren atsedenaldiak egin behar dira, adibidez, umetxoarekin pasiran irteteko.

4. Lan egiteko espazio esklusibo bat izatea

Etxea txikia izanik ere, komeni da espazio esklusibo, eroso eta argiztapen oneko bat gordetzea lan egiteko, bertan utziz materiala eta dokumentuak. Espazio propio batean hobeto kontzentratuko zara. 

Haurtxoa zurekin izan dezakezu etzaulkitxo batean etzanda eta, aurrerago, eserita egoten denean, parke edo eskortatxo baten egon daiteke jostailu batzuekin, entreteniturik egon dadin.

5. Laneko arropa jantzi

Etxean lan egitean, pijaman lan eginez eta arazotik irteteko edozein gauza janez amaitzeko arriskua dago. Ez dago trajea jarri beharrik, baina autoestimuarentzat on da kaleko arropaz janztea, baita bestek zure lana serio hartzeko ere.

6. Kontuz ibili ez isolatzeko

Hainbeste denbora etxean haur batekin sartuta arriskuan jar dezake "helduekin harremana". Komeni da bikotekidearekin txandakatzea etxetik kanpo jarduerak burutu ahal izateko eta egunero denbora bat norberarentzat bakarrik gordetzeko.

Ez da gauza erraza helburu horiek guztiak betetzea. Haurtxoak egun lasaiak eta egun ez horren lasaiak, arreta gehiago eskatuko duenak, izango ditu, eta haren zaintza ezeren aurretik dago. Litekeena da zenbait egunetan ezorduetan lan egin beharrean izatea, are gauean, egoki kontzentratu zaitezen. Baina, trukean, pentsa ezazu zure haurra hazten ikusten duzula. Seme-alaba hurbil izatea da lan egiteko pizgarririk onena.