Bigarren eskuko zer eros daiteke haurtxoarentzat?

Haientzat onena nahi dugu, baina gauza guztiek ez dute zertan berriak izan. Bigarren eskuko zer gauza eros daitezke, eta zer gauza ez?

Gaur egun, bigarren eskukoen merkatua oso zabalduta dago eta baliabide ona da produktu garestiak erosteko eta, bereziki, denbora gutxian erabiliko ditugun eta, ondorioz, berriak diruditen gauzak, haurtxoek behar dituzten gauzetako askorekin gertatzen den bezala.

Gaur egun dagoen eskaintzarekin, erraza da bila gabiltzana azkar aurkitzea. Denbora gutxian, webgune orokorrei (adibidez, Bivvo -lehengo Segunda Mano-, CashConverters eta Ebay) eta haurren gauzetan espezializatutako webgune espezializatuei (esaterako, Baby Eco), etxetik gertu bilatzen duten aplikazioak (hala nola Wallapop) eta haurren gauzetan espezializatutako aplikazio espezifikoak (esaterako, Moons) gehitu zaizkie.

Bigarren eskuko gauzak oso aukera onak dira haurtxoaren gastuetan aurrezteko. Guztiak ez du zertan berria izan, baina baliteke gauza batzuk berrerabili ezin izatea. Kontu handiz ibili behar da haurtxoaren segurtasunerako balio duten gehigarriekin, ez baitakigu ordura arte nola erabili diren.

Gainera, kontuan izan behar da produktuaren antzinatasuna bigarren eskuko zerbait erosi aurretik, eta homologatuta dagoen begiratu, litekeena baita egin zenean beharrezkoa ez izatea.

Bigarren eskuko gauza hauek eros daitezke:

Sehaskarako eta haurtxoarentzako arropa

Denbora gutxian erabiltzen da, eta berria bezala geratu ohi da. Nahiz eta garbia egon, komeni da berriro garbitzea, agian hautsa hartu baitu.

Segurtasun mekanismoak

Eskailera edo oheetarako barrerak, entxufeetarako estalkiak, tiraderetarako segurtasun sistemak, ertzak babestekoak, etab. berrerabil daitezke, baldin eta lasaitu ez badira, haien helburua baita haurrek kendu ezin izatea.

Bainuontzia - aldatzekoa

Produktu garestia da, eta normalean ez da hondatzen, egunean minutu batzuetan soilik erabiltzen baita.

  • Hankak sendo daudela egiaztatu behar dugu.
  • Agian komenigarria da aldatzekoaren zorroa berritzea.

Haur aulki altua

Asko erabiltzen da, baina nahiko gogorra denez normalean ez da hondatzen.

  • Komeni da segurtasun uhala irekitzeko eta ixteko mekanismoa ondo dabilela begiratzea, baita altuera erregulatzekoa ere, baldin badu.
  • Bizkarraldea estaltzen duen materiala egoera onean dagoela ziurtatu behar da.

Sehaska

Garrantzitsua da homologatuta dagoela (CE marka izatea) eta egoera onean dagoela ziurtatzea.

  • Komeni da izkinetan ertz zorrotzik ez dagoela ziurtatzea, eta barrak elkarrengandik distantzia egokira daudela, umearen burua sar ez dadin.
  • Albo bat jaisteko mekanismoa begiratu behar dugu, eta, gurpilak baldin baditu, baita galgatzeko sistema ere.

Paseorako kotxea

Paseorako kotxea aukeratzerakoan, haurrarengan pentsatu behar dugu, denbora asko emango baitu bertan eta funtsean eroso egon behar baitu.

  • Eserlekuak hasieran bezain sendo egon behar du (gerta baitaiteke koltxoneta aurretik erabili zuen haurtxoaren gorputzera moldatu izatea), segurtasun uhalek ondo lotuta geratu behar dute, galgek ondo funtzionatu behar dute, eta ezin da egon torlojurik aske.
  • Garrantzitsua da oihalezko estalkia erraz kendu ahal izatea, garbitu ahal izateko.
  • Komeni da aulkiaren pisua ere kontuan hartzea, gaur egungo modeloak gero eta arinagoak baitira.
Kontu handia izan behar da haurtxoentzat bigarren eskuko gauzak erostean, segurtasunagatik; ezin da dena berrerabili

Ez da komeni gauza hauek bigarren eskukoak izatea:

Koltxoiak

Baliteke koltxoi erabiliak deformatuta egotea, eta hori kaltegarria izan liteke jaioberriaren bizkarrerako.

Zapatak

Haurtxoa ibiltzen hasten denean, ez da komeni zapata erabiliak janztea, agian deformatu egin baitira aurretik erabili dituen haurraren ibileragatik. 

Autoko aulkia

Baliteke senide edo ezagun batengandik jasotzea autoko aulkia, baina ez da komeni erabili bat erostea, ez baitakigu kolperen bat izan duen eta segurtasun baldintzaren bat galdu duen.

Gainera, haurrei eusteko sistemei buruzko araudia aldatzen ari da eta, nahiz eta oraindik onartzen diren R44 araua betetzen dutenak (pisuaren araberakoa), guztiek I-Size sistema (altueraren araberakoa) betetzea da etorkizuna, zeinak autora Isofix bidez lotzeari ematen baitio lehentasuna.