Haurdunaldian egin beharreko probak

Haurdunak zer azterketa egin behar dituen jakiteko informazio guztia

Zorionak: probaren emaitza positiboa izan da. Haurdun zaude! Orain, asko zaindu behar duzu zeure burua, eta barruan sortzen ari zaizun haurtxoari kalte egin diezaiokeen guztia saihestu.

Fetuaren garapena eta haurdunaldiaren ongizatea kontrolatzeko, hainbat proba mediko egiten dira haurdunaldian zehar. Hortaz, hitzordua eskatu behar da lehenbailehen medikuarekin, haurdunaldia berrets dezan eta lehenengo probak agin ditzan.

1. Hilean behin ginekologoarengana

Lehenengo hitzorduan, ginekologoak odol eta gernu azterketa osoa egiteko eskatuko dizu, haurdunaldia berresteko, zure osasun egoera ezagutzeko, gaixotasun infekzioso batzuk ez dituzula ziurtatzeko (GIBa, B hepatitisa edo sifilisa), eta errubeola eta toxoplasmosia izan dituzun ikusteko (toxoplasmosia gaixotasun arina da helduentzat, baina oso larria sortzen ari den fetuarentzat). Horretaz gain, zitologia bat egiteko ere eskatuko dizu, baginako infekziorik ez duzula ziurtatzeko.

Gizarte Segurantzan, normalean, familiako medikuarengana joan behar da haurdunaldiaz arduratuko den ginekologoarekin hitzordua egiteko. Denbora irabazteko, medikuak lehenengo odol eta gernu azterketak egiteko eskatu ohi du, baita zitologia ere (osasun zentroko emaginak egin ohi du).

Bai osasungintza publikoan bai pribatuan, haurdunaldia baieztatu eta gero ginekologoak historia kliniko xehe-xehea prestatuko du, zuen aurrekariak ezagutu eta kontuan hartu beharreko baldintza berezirik den jakiteko (diabetesa, bihotzeko arazoak, gaixotasun larriak eta abar).

Gero, beharrezkotzat jotzen dituen osagarriak gomendatuko dizkizu: azido folikoa (dagoeneko hartzen ari ez bazara), eta burdina edo iodoa, gabeziarik baldin baduzu. Lehenengo bisitaldiaren ondoren, maiz joango zarete ginekologoarengana, haurdunaldiaren segimendua egin dezan. Bisitaldi guztietan, espezialistak amaren tentsioa eta pisua kontrolatuko ditu, eta haurdunaldiari eta beharrezko zainketei buruz sortzen diren zalantzak argituko. Osasungintza pribatuan, hilero egiten dira azterketak.

Gizarte Segurantzan, ez dira zertan hain maiz izan, autonomia erkidegoaren arabera, baita ospitalearen arabera ere, baina osasun zentroko emaginarekin batera egin ohi da segimendua.

2. Gutxienez hiru ekografia

Ekografiak oso erabilgarriak dira haurtxoaren garapena eta umetoki barruan ongi dagoela kontrolatu ahal izateko. Proba horiek ez dute zauririk eragiten eta ez dute eragin negatiborik fetuarengan. Hortaz, medikuak beharrezkotzat jotzen dituen guztiak egin daitezke.

Gizarte Segurantzan protokoloek gutxienez hiru ekografia ezartzen dituzte, bat hiruhileko bakoitzeko, baina, behar izanez gero, gehiago egiten dira. Aseguru mediko pribatuetan maizago egiten dira ekografiak. Mediku batzuek hilero egiten dituzte ekografiak. Gainera, haurdunaldia baieztatzeko ere egiten da ekografia bat.

Ekografia guztietan, haurtxoaren tamaina neurtzen da, haren mugimenduak eta taupadak, likido amniotikoaren kantitatea eta plazentaren posizioa baloratzen dira, eta ustezko erditze data kalkulatzen da.

Lehen hiruhilekoko ekografia: 12. aste aldera

Ekografia hau baginala izan ohi da, eta, hartan, haurtxo bat baino gehiago dagoen ikusten da, eta fetuaren garondoaren tolesa neurtzen, irregulartasun kromosomikoen arriskua baloratzeko.

Bigarren hiruhilekoko ekografia: haurdunaldiko 20. astean

Fetuaren barruko organoak ikusten dira, haurtxoa ongi garatzen ari dela ziurtatzeko. Normalean, haurtxoaren sexua jakin daiteke, haren jarrerak ikusteko aukera ematen badigu.

Hirugarren hiruhilekoko ekografia: 34. aste aldera

Fetuaren hazkuntza baloratzen da berriro, eta erditzera begira zer jarreratan dagoen begiratzen. Ipurdiz edo zeharka badago, beste ekografia bat egin ohi da aurrerago, ahoz behera jarri den ikusteko.

3. Ekografia bereziak

Badira egoera berezietarako uzten diren beste zenbait ekografia:

3D edo 4D ekografia

Ekografia tradizionalen osagarri gisa erabiltzen dira. Bietan, bolumenarekin ikus daiteke fetua, eta 4D ekografietan, gainera, mugimenduan. Ekografia horiek azaleko arazoei edo erbi ezpainaren deformazioei buruzko informazioa ematen dute, baina ez ekografia arruntetan hauteman daitezkeen anomaliei buruzkoa. Zirraragarria da gurasoentzat, askoz ere zehaztasun handiagoz ikus baitezakete haurtxoa.

Gizarte Segurantzan, ospitale batzuetan erabiltzen dira, beharrezkoa den guztietan. Aseguru pribatu batzuek 3D ekografiak hartzen dituzte barnean, baina 4D ekografiak bereiz ordaindu behar dira.

Doppler teknologia darabilen ekografia

Fetuan, zilbor hestean eta umetokian zer zirkulazio dagoen ikusi behar denean egiten da, bihotzeko arazoak edo odolaren zirkulaziokoak hautemateko aukera ematen baitu.

4. Analisiak

Haurdunaldian zehar, gutxienez odol eta gernu azterketa bat egiten da hiru hilez behin.

Gainera, analisi berezi batzuk egiten dira arazo posibleak saihesteko:

Coombsen proba:

Amak Rh negatiboa badu eta aitak Rh positiboa, fetuak Rh positiboaren kontrako antigorputzak dituen ikusten da lehenengo odol azterketan. Aurrerago, berriro egiten da proba, antigorputzik sortu baditu ere. Gainera, badaezpada, haurdunaldiko 28. astean, gammaglobulina anti D jartzen zaio amari, eta gauza bera egiten da erditu ondoren, haurtxoak Rh + badu, ondorengo haurdunaldiak babesteko.

O'Sullivanen proba:

Haurdunaldiko 24. astean, odol azterketa berezi bat egiten da, odoleko azukre kontzentrazioa baloratzeko eta haurdunaldiko diabetesa garaiz detektatzeko, fetuari arazoak eragin baitiezazkioke. Proban positiboa ateratzen bada, gluzemiaren kurba egiten da (ahozko glukosa gainkarga), diagnostikoa berresteko.

Proba horiek guztiak osasun publikoan eta osasun aseguru pribatuetan sartuta daude.

Osasun publikoan protokoloek gutxienez hiru ekografia ezartzen dituzte, bat hiruhileko bakoitzeko. Aseguru mediko pribatuetan maizago egiten dira ekografiak.

5. Jaio aurreko diagnostikoa

Guraso izango direnak gehien kezkatzen dituen gauzetako bat haurtxoak asaldura genetikoren bat izatea da. 10. eta 14. asteen artean, jaio aurreko diagnostikoko probak egiten dira arriskurik dagoen ikusteko, baita beste proba inbaditzaile batzuk egitea komeni den ala ez ikusteko ere (esaterako, amniozentesia).

Lehenengo hiruhilekoko odol azterketan, arazo kromosomiko batzuekin (adibidez, Downen sindromea) erlazionatutako hormona eta proteina batzuen kantitatea neurtzen da.

Emaitza horiek garondoaren tolesa neurtzeko ekografiarekin batera baloratzen dira, baita amaren egoera pertsonalarekin batera ere (adibidez, adina). Arriskua handia bada, baliteke medikuak amniozentesia egin dadin aholkatzea (14. eta 18. asteen artean).

Erabaki hori hartu baino lehen, aseguratzaile pribatuetan beste proba ez inbaditzaile bat egin daiteke, zerbait ordainduta: jaio aurreko proba ez inbaditzaileak, odol azterketa baten bidez, Downen sindromea detektatzen du, baita beste arazo batzuk ere; esaterako, Patauren sindromea edo Edwardsen sindromea. Odolean fetuaren zer DNA dagoen ikusteko proba ospitale publiko batzuetan ere eskaintzen da gaur egun.

6. Erditu aurreko probak

Erditzeko aurreikusitako data baino lau bat aste lehenago, haurdunaldiko 36. aste aldera, baginako eta ondesteko kultibo bat egiten zaio amari, estreptokoko agalacticae izeneko bakterio bat ez dagoela ziurtatzeko. Halakorik badago, antibiotikoa ematen zaio amari erditu bitartean, haurtxoak infekziorik izan ez dezan.

40. aste aldera (Gizarte Segurantzan) edo 37. astetik aurrera (aseguru pribatuan), amaren uzkurdurak eta haurtxoaren bihotz taupadak kontrolatzen hasten dira astero, monitorizazioa izeneko teknika baten bidez.

40 aste iraun ohi du haurdunaldiak, baina normala da haurtxoa 37. eta 42. asteen artean jaiotzea. Onena da modu naturalean jaiotzea, baina 42. asterako irten nahi duela ikusten ez bada, erditzea eragin egiten da.