Nola matrikulatu zure seme-alaba haurtzaindegian

Matrikulazio epea eta baldintzak zein diren, puntuen sistemak nola funtzionatzen duen eta diru-laguntzak zeren arabera dauden azalduko dizugu

Hiru urtera arte ez da derrigorrezkoa hezkuntza. Hortaz, haurtzaindegi publikoen eskaintza askoz ere murritzagoa da ikastetxe eta institutuenarekin alderatuz gero, eta ez du benetan dagoen eskaria estaltzen.

Horregatik, garrantzitsua da ongi ezagutzea haurtzaindegi publikoan plaza lortu ahal izateko pausoak eta baldintzak.

Orokorrak eta arruntak dira jarraian eskaintzen ditugun datuak. Haurtzaindegi publikoak autonomia erkidegoen eskumena direnez, zuen bizilekuan berezitasunak egon daitezke, eta horregatik informazio fidagarria eskuratzeko komeni da erkidegoko eta dagokion udaletxearen weba kontsultatzea.

Matrikulazio baldintza propioak izan ohi dituzte haurtzaindegi pribatuek. Dena den, pribatu izateak ez du esan nahi haien kabuz jardun dezaketenik.

Haurtzaindegi guztiek, publiko zein pribatuek, bete egin behar dituzte legeak adierazitako baldintzak:

  • Haurrak haur-hezkuntzan trebatutako langile profesionalen kontrolpean egon behar dira.
  • Haurtzaindegiko lokala horretarako erabil daiteke soil-soilik, eta kanpotik sarbidea izan behar du.
  • Instalazioetako bat erabilera anitzeko areto bat izan behar du, eta 30 metro karratuko edo gehiagoko tamaina izan behar da.

Haurtzaindegiak Hezkuntzako Ministerioak ezarritako hezkuntza-programa bete behar du. Irizpide orokor horiez gain, autonomia-erkidego bakoitzak irizpide gehigarriak ezar ditzake haurren segurtasuna handitu eta bermatzeko.

Haurtzaindegi pribatuetan izena emateko epeak bat datoz, oro har, haurtzaindegi publikoetan dituztenekin, nahiz eta malgutasun-maila handiagoa izan ohi duten.

Prezioa da haurtzaindegi publiko eta pribatuen arteko desberdintasun nagusia. Garestiagoak dira pribatuak. Horregatik, soldata ertaineko gurasoen lehenengo aukera izan ohi da haurtzaindegi publikoa. Haurtzaindegi pribatuek, aldiz, ordutegi askoz malguagoak eskaini ohi dituzte gurasoen beharrak estaliz haien lan-ordutegia dena dela.

Plaza eskatzeko baldintzak

Oro har, autonomia-erkidego guztietan baldintza antzekoak eskatzen dituzte:

  • Haurtxoak gutxienez 16 aste izan behar ditu ikasturtearen hasieran.
  • Haurtzaindegiek eskabide guztiak onartu behar dituzte, edozein dela ere gero libre duten plaza kopurua. Gero erabakiko da nola eman.
  • ● Gurasoek eskatutako haurtzaindegiaren herrian egon behar dute erroldatuta.
  • Hurrengoa eraman behar da: familia-liburuaren originala eta fotokopia (izanez gero), jaiotza-agiria edo filiazioarekin erlazionatutako bestelako dokumentuak, non egiazta daitekeen haurraren izena eta jaioteguna eta gurasoekin duen harremana.
  • Enpresaren ziurtagiria entregatzea edo, halakorik ezean, azken nomina, gurasoen lan-ordutegia egiaztatzeko.
  • Familiaren egoitzaren gertutasunaren frogagiriak.

Matrikula eskatu eta egiteko datuak

Garrantzitsua da haurtzaindegian izena emateko epea ezagutzea; izan ere, behin betiko matrikulazio-data baino dezente lehenago egiten da izapide hori. Ez bada garaiz egiten, nahi den ikasturtean plaza izateko aukera gal daiteke.

Beraz, haurdun bazara eta ikasturtea hastean haurra haurtzaindegi batera joan beharrean izango dela uste baduzu, plaza eskatu beharko duzu, haurra jaiotzeko badago ere. Legeak ezartzen duenez, "ernaldian dauden haurrentzako plaza eskatu ahal izango da, gutxienez ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaioko direla aurreikusten bada". Horrela egiten da haurtzaindegietan 16 asteko bizitza izatetik aurrera bakarrik matrikula daitezkeelako haurrak.

  • Arau orokor gisa, haurtzaindegietan aurrez izen emateko epea otsailaren 15ean hasten da, eta apirilaren 30ean amaitzen.
  • Maiatzetik aurrera, eskuarki hilaren erdialdean, onartutakoen behin-behineko zerrendak argitaratzen dira.
  • Une horretan erreklamazioak egiteko aldia zabaltzen da.
  • Ekainaren hasieran onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen da.
  • Azken zerrenda hori argitaratzen denetik aurrera gurasoek hilabete inguru dute, ekainaren 25era arte normalean, onartuak izan badira haurtzaindegian matrikula egiteko.

Nola esleitzen dira plazak?

Haien ezaugarrien arabera familia eskatzaile bakoitza kategorizatzen duen puntuzko baremoa erabiltzen da plazak esleitzeko. Familiak zenbat eta puntu gehiago izan, aukera gehiago ditu bere haurtxoarentzat plaza eskuratzeko.

Horretarako, irizpide sorta bat ezarri da, eta horietako bakoitzari puntu kopuru jakin bat dagokio:

  • Familia-unitatearen urteko errenta: 10 puntu edo gehiago, bi gurasoetako edo legezko tutoreetako batek gizarteratzeko gutxieneko diru-laguntza jasotzen badu, onuradunak bere ardurapean dituen seme-alaben arabera kalkulatua.
  • Familia-unitatearen egoitzaren edo aitaren, amaren nahiz tutorearen lantokiaren eta haurtzaindegiaren arteko gertutasuna:
    • 30 puntu, ohiko bizilekua haurtzaindegiaren eragin-eremuan badago.
    • 20 puntu, gurasoetako baten edo legezko tutorearen lanpostua haurtzaindegiaren eragin-eremuan badago.
    • 10 puntu, ohiko bizilekua haurtzaindegiaren udalerri berberean badago, baina ez haren eragin-eremuan.
  • Eskolatutako senideak: 40 puntu, haurtxoak senideren bat badu zentro berberean matrikulatuta, edo haren gurasoetako batek edo legezko tutoreetako batek han lan egiten badu aurrez izena emateko garaian.
  • Desgaitasuna: 10 puntu, baldin eta haurtxoak, haren gurasoetako edo legezko tutoreetako batek edo haren anai-arreba batek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela egiaztatzen bada.
  • Irizpide osagarriak:
    • 5 puntu, familia ugarikoa edo gurasobakarrekoa izateagatik.
    • 10 puntu, haurtxoak sistema digestiboari, endokrinoari edo metabolikoari eragiten dion gaixotasun kronikorik badu, zeliakoak barne.

Haurtzaindegien prezioa eta diru-laguntzak

Haurtzaindegien prezioa desberdina izango da zentro publiko edo pribatua hautatuz gero. Hala ere, aukera desberdinetan agertuko diren gastu komun batzuk daude, eta horietatik batez bestekoa atera daiteke, gutxi gorabehera kalkulatzeko zenbat ordaindu beharko dugun unea iritsitakoan.

  • Urteko matrikula: 150 € eta 200 € artean.
  • Eskola-asegurua: 25 € eta 30 € artean.
  • Hileko tasa: 180 € eta 200 € artean.
  • Materiala (uniformea, txandala, adur-zapia, eta abar): 100 € eta 150 € artean.

Autonomia-erkidegoek diru-laguntzak eman ditzakete haurtzaindegi pribatuen prezioaren zati bat ordaintzeko. Emakiden zenbatekoa, irizpideak eta kopurua erkidego bakoitzaren legeriaren eta aurrekontu-sailaren araberakoa izango dira.

Informatzea komeni da hezkuntza-atala bisitatuz autonomia-erkidegoaren eta dagokion udaletxearen webean.