Haurduna lanean

Haurdunek eskubide batzuk dituzte lanean beren osasuna eta datorren haurtxoarena babesteko

Haurdunaldia ez da gaixotasun bat, baina bai, ordea, amaren eta datorren haurtxoaren osasuna babesteko bereziki zaindu beharreko egoera berezi bat. Horregatik, lanean babes berezia du, hasieratik amaierara arte.

Noiz jakinarazi behar da haurdunaldia?

Erabaki pertsonala da, legeak ez duelako eskatzen haurdunaldiaren berri ematea, ezta laneko elkarrizketan ere, eta ez du jakinarazteko mugaegunik ezartzen.

Haurdunaldiagatik kaleratzea baliogabetzat hartzen da (kaleratzen badute, lan egindako urteko 45 eguneko kalte-ordaina jasotzea edo berehala berriz laneratzea aukeratu dezake langileak). Kontratua mugagabea bada, mesedegarria izan daiteke lehenbailehen jakinaraztea; horrela, lanorduetan sendagilearengana joan behar bada probak egiteko, lanera zergatik joan ez den justifika daiteke.

Kontratua aldi baterakoa bada, jakinaraztearen edo ezer ez esatearen erabakiak etikarekin du zerikusia. Kontratu berria sinatu arte itxaron daiteke, edo norberak egokitzat jotzen duenean esan (amatasun bajak ez du kosturik enpresarentzat). Hala ere, lanpostua arriskutsua bada haurdunaldirako, lehenbailehen esatea komeni da; izan ere, hala izanez gero, haurduna lanpostu seguru batean jarri behar dela ezartzen du legeak, eta, ezin ez bada, baja berezi bat aurreikusten du.

Lanorduetan sendagilearengana joan daiteke?

Bai. Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26.5. artikuluaren arabera, «Haurdun dauden langileek lanean absente izateko eskubidea izango dute, seme-alabak jaio aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak egin daitezen; horretarako, enpresaburuari aurreabisua emango zaio, eta justifikatu egingo da halakoak lanaldian gauzatu beharra».

 

Haurdunaldiko arriskua

Legeak haurduna babesten du lana beraren edo espero den haurtxoaren osasunerako kaltegarria izan badaiteke. Lan batzuk zuzenean bateraezinak dira haurdunaldiarekin: adibidez, agente kimiko edo biologiko batzuekin kontaktua dakarten lanbideak, edo fetuari kalte egin diezaioketen erradiazioen eraginpean jartzen dutenak.

Laneko jarduera arriskutsua denean haurdunarentzat edo fetuarentzat, legeak lanpostuaren baldintzak aldatzera behartzen du enpresa, arrisku horiek ekiditeko.

Ezin badira aldatu lanpostuaren baldintzak edo ezin bada beste lanpostu batean birkokatu, haurdunak sendagilearen baja jasoko du, eta oinarri arautzailearen % 100eko arrisku prestazioa jasoko du haurdunaldian (atxikipenak egin aurreko soldata 30 egunez zatituta lortzen den eguneroko kopuru bat da).

Horregatik, ginekologora lehenengo bisita egitean, sendagileak laneko baldintzei buruz galdetzen dio amari, zer edo zer kaltegarria izan daitekeen eta aldatu behar den jakiteko.

Adibidez, haurdunak gaueko lana badu, txanda aldatzeko eskatzea plantea dezake, gauez lan egitea haurdunaldirako arriskutsua dela adierazten duen egiaztagiri mediko batez. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26.1 artikuluak gaueko lana eta txandetako lana jasotzen ditu haurdunaldirako arriskutsuak izan daitezkeen baldintzen artean.

Lana arriskutsua izan badaiteke haurdunaldiarentzat edo umekiarentzat, enpresak beste postu batean birkokatu beharko du. Ezin bada, sendagilearen baja jaso dezake

Amaieraraino lan egin daiteke?

Hasiera batean, guztia ondo badoa eta lanaren eta ordutegiaren arabera, haurdunak azken egunera arte lan egin dezake; dena dela, azken asteetan aldi baterako ezintasunagatik baja ematen du sendagileak batzuetan (ez da amatasun baimenetik kentzen), laneko joan-etorriak eta estresak batzuetan eragiten duten nekea saihesteko, batez ere, denbora luzez jarrera berean egotea eskatzen duten lanetan.

Bajan zehar, Gizarte Segurantzak aldi baterako ezintasunagatik prestazio bat ordaintzen du: bajaren 4. egunetik 20. egunera, oinarri arautzailearen % 60koa da, eta 21. egunetik aurrera, berriz, % 75ekoa da. Hala ere, hitzarmen askotan ezartzen da enpresak % 100era arte osatuko duela ehuneko hori.

Lanean zaintzea

Oro har, lan egiteak ez du arriskurik haurdunaldirako, baina badira zaindu beharreko kontu batzuk:

  • Ez da komeni ahalegin handiak egitea eta zamarik hartzea.
  • Ez da gehiegizko beroaren edo hotzaren, makinen bibrazioen eta giro zaratatsuen eraginpean egon behar.
  • Ez da presaka ibili behar. Ez da komeni irtetear dagoen trena edo autobusa hartzeko lasterka ibiltzea.
  • Gidatu behar bada, gutxienez 25 cm-ko distantzia utzi behar da bularraren eta bolantearen artean. Segurtasun-uhala jartzeko, azpiko uhala sabelaren azpitik jarri behar da, eta goikoa, berriz bular artean eta sorbalda bat zeharkatuz.
  • Hirugarren hiruhilekoaren amaieran, sabela oso handituta dagoenean, baliteke ginekologoak ez gidatzeko gomendioa egitea.
  • Haurdunaldian, maiz eta gutxi jatea komeni da. Horregatik, gomendagarria da lanera mokaduren bat eramatea (fruta, zukuak edo jogurta), eta jateko zenbait atsedenaldi egitea.
  • Ordu asko eman behar badira zutik, konpresioko galtzerdiak erabil daitezke odolaren zirkulazioa hobetzeko. Orduro zenbait minutuz esertzea komeni da. Ahal bada, hankak jasota atseden hartzea gomendatzen da.
  • Lan sedentarioetan, garrantzitsua da altuera egokitzeko aukera ematen duen aulki bat erabiltzea, eta bizkarraldeak bizkarraren beheko aldeari ongi euts diezaiola. Oinak aulki txiki batean bermatzea eta orduro apur bat mugitzea komeni da: ibilaldi txiki bat egitea edo, gutxienez, zutik jartzea eta beso eta hankak luzatzea.
  • Kontuz ibili behar da estresarekin, haurtxoa goiz jaiotzeko arrisku faktore bat baita. Lanak estres handia eragiten badu, sendagileari adierazi behar zaio, balorazioa egin dezan.