Haurren txertaketako egutegia

Seme-alabei txertoak noiz jarri behar zaizkien ezagutzeko gida

Urtero, Espainiako Pediatria Elkarteko (AEP) Txertaketako Aholku Batzordeak haur eta nerabeentzako txertoen egutegi eguneratua argitaratzen du.

Horretarako, txertoen eraginkortasunari buruz egindako azterlanak eta txertoen bidez saihets daitezkeen gaixotasunen epidemiologia hartzen ditu kontuan.

Txertoen sailkapena

Txertaketa egutegiak txerto sistematikoak (hau da, Espainian haur guztiek hartu behar lituzketen txertoak, nahitaezko txertoak) zenbat urterekin jarri behar diren adierazten du.

Txerto sistematiko gehienak administrazio publikoek finantzatzen dituzte. Txerto horiek nahitaezkoak dira haur guztientzat, eta txertaketa-egutegian jasota daude.

Txerto sistematiko batzuk ez ditu finantzatzen administrazio publikoak. Hortaz, gomendatutako txertoak dira; esaterako, errotabirusarena, B meningokokoarena eta meningokokoaren aurkako tetrabalentea (nerabeak).

Zenbait txerto ez daude egutegian, baina arrisku taldeei gomendatzen zaizkie; hau da, gaixotasuna hartzeko edo, gaixotasuna izanez gero, okerrera egiteko probabilitate handiagoa duten haur eta nerabeei. Adibidez, gripearen txertoa arnasteko arazoak dituzten haur eta nerabe guztiei gomendatzen zaie, eta hepatitisaren txertoa, berriz, gaixotasun kroniko hepatikoa edo hemofilia duten haurrei.

Sastadaren mina arintzeko, amak bularra eman diezaioke haurtxoari, txertoa jarri bitartean edo txertoa jarri eta berehala

Eraginkorra izan dadin, egutegia errespetatu behar da

Txertoak aurrerapen handia dira gaixotasun kutsakorrak saihesteko. Gaixotasun asko desagertu egin dira txertoei esker. Eraginkorrak izan daitezen, funtsezkoa da txertoak behar bezala jartzea eta zorrotz jarraitzea emandako pautei, bai dosien arteko tarteari dagokionez, bai txertoak jartzeko adinari dagokionez.

Egun, txertoen aurkako mugimendu bat sortu da; haren harira, guraso batzuek ez dizkiete txertoa jartzen seme-alabei. Halako erabaki bat hartu aurretik, kontuan izan behar da txertoa jarri ezean beharbada arriskuan jarriko dugula haurraren osasuna.