Guraso bakarreko familientzako laguntzak

Beste familia eredu bat dira; beste behar batzuk dituzte, eta, hori dela eta, laguntza zehatz batzuk dituzte

Guraso bakarreko familiak heldu bakarra dute (aita edo ama), eta heldu horrek seme edo alaba bat edo gehiago ditu ardurapean, naturalak zein adoptatuak izan.

Familia mota honetan, hauek sartzen dira:

  • Aita edo ama bakarrik izatea erabakitzen duten gizon edo emakumeak, modu naturalean, laguntza bidezko ugalketaren bidez edo adoptatuta, eta, kasu batzuetan, haurduntza subrogatuaren bidez (atzerrian, gure herrialdean aukera hori ez baita legezkoa).
  • Ezkontide alargunak eta seme-alabek osatutako familiak (bi seme-alaba baino gehiagokoak, gainera, familia ugariak dira).
  • Bananduta edo dibortziatuta dagoen eta zaintza partekaturik gabe seme-alaben ardurapean geratzen den aitak edo amak osatutako familiak.

Gaur egun, guraso bakarreko familiak beste familia eredu bat dira, eta gero eta ohikoagoak, emakumeak nagusi dituztela. Adecco Fundazioaren “Mujer con responsabilidades familiares no compartidas y empleo” txostenaren arabera, guraso bakarreko familien kopuruak % 78 egin du gora azken urteotan, eta hamarretik bederatzitan emakumeak dira buru.

Guraso bakarreko familietako gurasoentzat, zailena da lana eta familia antolatzea; hau da, lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea. Izan ere, bakarrik daude umeez arduratzeko, eta beren diru sarrerak baino ez dituzte; hori dela eta, zaila da lan jardunaldia murriztea, eta are zailagoa eszedentzia eskatzea.

Ama ezkongabeentzako laguntzak:

Guraso bakarreko familiak duela gutxiko kontua direnez, halakoek oraindik ez dituzte laguntza asko, nahiz eta, oro har, erraztasun gehiago dauden ama ezkongabeentzat, aita bakarrik izatea erabaki duten gizonentzat baino.

Bi motatako laguntzak eska ditzakete guraso bakarreko familiek: autonomia erkidegoek oro har eta udal batzuek ezartzen dituztenak, eta Estatukoak.