Adopzioa: gurasoen eskubideak

Adopzioak eta harrera iraunkorrak lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko laguntzak eta neurriak jasotzeko eskubidea ematen diete gurasoei

Haur bat adoptatzen edo modu iraunkorrean hartzen duten gurasoek lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko guraso biologikoek dituzten aukera eta laguntza berberak dituzte, nahiz eta batzuetan aukera horiek beste neurri batzuk dituzten, hain zuzen ere adopzioa ahalbidetzeko.

Gurasoen lan eskubideak:

Amatasun baja

Urtebete baino gehiagoko epealdian 6 urtetik beherako adingabe bat, edo desgaitasunen bat edo familiara batzeko zailtasunen bat duen 18 urtetik beherako adingabe bat, adoptatu edo modu iraunkorrean hartuz gero, 16 asteko lan baimena hartu ahal izango da, eta, denboraldi horretan, oinarri arautzailearen % 100 kobratuko da (eguneroko zenbateko hori kalkulatzeko, atxikipenik gabeko soldata zati 30 egun egiten da).

  • Adingabeak desgaitasunen bat badu, 18 astekoa da baimena.
  • Adopzio anizkoitzen kasuan, 2 aste gehitzen dira seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.
  • Erditu ondoren amak ez duenez denborarik behar sendatzeko, baja osoa aitari utz diezaioke, edo banatu egin dezakete, eta atsedenaldiaz elkarrekin gozatu, edo batek lehenengo eta besteak gero.
  • Baja osoa lanaldi osoan edo partzialean har daiteke, betiere enpresarekin akordioa badago.
  • Gurasoek haurtxoaren jaioterrira lekualdatu behar badute, baimena adopzioa emateko ebazpena baino 4 aste lehenago has daiteke, nazioarteko adopzio kasuetan.

Ohiko dokumentazioaz gain, baja eskatzeko, hauek aurkeztu behar dira:

  • Adopzioa edo tutoretza ematen duen ebazpen judiziala, edo familiaren harrera ahalbidetzen duen ebazpen administratibo edo judiziala, zeinak urtebete baino gehiagokoa izan behar duen.
  • Gurasoek seme-alabaren sorlekura joan behar badute, adopzio- edo abegi-izapideak martxan jarri direla egiaztatzeko autonomia-erkidegoko organo eskudunak egin dituen agiriak.
  • Umeak edozein motatako desgaitasunik badu, horren ziurtagiria.

Aitatasun-baimena

6 urtetik beherako adingabe bat adoptatu edo modu iraunkorrean hartuz gero, aitak 4 asteko baimen ordaindua jaso ahal izango du, eta beste bi egunez luzatu ahal izango da seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, adopzio edo harrera anizkoitzeko kasuetan.

  • Baimena lanaldi osoan edo partzialean har daiteke, enpresarekin ados jarriz gero.
  • Hura eskatzeko, amatasun bajarako aurkezten den dokumentazio berezi bera aurkeztu behar da.

Edoskitze baimena

Adoptatutako haurtxoak 9 hilabete baino gutxiago baditu, gurasoetako batek edoskitze baimena eskatu ahal izango du. Baimen horrekin, egunean ordubete hartu ahal izango dute lan jardunaldian zehar, edo ordutegia ordu erdi murriztu (sartzean edo irtetean). Hitzarmen kolektiboan jasota badago edo enpresarekin ados jarriz gero, baimena metatu egin daiteke, eta egun libreak hartu (15 bat egun), amatasun baja luzatzeko.

Lanaldia laburtzea eta eszedentzia

Era berean, adopziozko gurasoek lanaldia murrizteko eska dezakete, eta soldata modu proportzionalean murrizteko, umeak 12 urte bete arte; horrez gain, gehienez 3 urteko eszedentzia eska dezakete seme-alabak zaintzeagatik.

Adopzioetan eta harrera iraunkorretan, amak amatasun baja osoa parteka dezake