
BBVA Baby Planner
Ezagutu BBVA Baby Planner- Lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko laguntzak guraso autonomoentzat
Lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko laguntzak guraso autonomoentzat
Guraso autonomoek orain zer eskubide dituzten azalduko dizugu
Enpresako ordutegiak eta familiaren beharrak bateratzea ez da beti erraza izaten. Horregatik, haurra dutenean, beren kontura lan egitea erabakitzen dute guraso batzuek, familiako bizitza eta lana bateratu ahal izateko.
Autonomo baten lan baldintzak ez dira errazak. Hilero kuota finkoa ordaindu behar da, berdin dio diru sarrerak zenbatekoak diren; ez dago oporrik, ezta aparteko ordainsaririk, eta laneko baja izanez gero nabarmen gutxitzen dira diru sarrerak.

Zer da Baby Planner?
Autonomoentzako hobekuntzak lege berrian:
Autonomoak aspalditik ari ziren baldintzak hobetzeko eskatzen. 2017ko urrian, urriaren 24ko 6/2017 Legea onartu zen, Lan Autonomoaren Premiazko Neurriei buruzkoa, eta hobekuntza ekonomikoak eta gurasoen kontziliazioa errazteko neurriak jasotzen ditu:
1. 50 €-ko tarifa finkoa autonomo berrientzat
Langile autonomoak kuota finkoa ordaindu behar dio Gizarte Segurantzari hilero, berdin dio zer etekin dituen hilean. 2017ko uztailaren 1etik, 919,80 € da gutxieneko kotizazio oinarria; beraz, 275 ordaindu behar dira hileko.
Lege berriak 12 hilabetera luzatzen du 50 euroko tarifa finkoa gutxieneko kotizazio oinarrian dauden autonomo berrientzat, eta tarifa hori eskuratzeko aukera ematen die aurreko 2 urteetan altan izan ez diren autonomoei.
Tarifa hori 2015eko irailean ezarri zen, 6 hilabetez, alta lehenengo aldiz egiten duten edo aurreko 5 urteetan altan izan ez diren autonomoentzat, gutxieneko kotizazio oinarrian badaude.
Autonomo batek goragoko oinarrian kotizatu nahi badu, kuotaren oinarriaren % 80ko hobaria izango du 12 hilabete horietan.
Gainera, gutxieneko nahiz goragoko oinarrian kotizatuta, autonomo izandako bigarren urtean ere hobariak daude: lehenengo 6 hilabeteetan kuotaren % 50eko hobaria ematen da, eta hurrengo 6 hilabeteetan, berriz, % 30ekoa.
Autonomia erkidego batzuek hobetu egin dituzte baldintza horiek; adibidez, Madrilgo komunitatean, eskualdeko gobernuak laguntzak ematen ditu 50 €-ko tarifa finkoa bi urtez mantendu ahal izateko.
2. 50 €-ko tarifa laua ama izan eta gero
Amek beren jarduera eten ondoren, amatasun, adopzio, zaintza, harrera edo tutoretza baja baten ondoren berriz ere hasten badira jardunean bi urteko epean, 50 €-ko tarifa finkoa aukera dezakete urtebetez, eta % 50eko eta % 30eko deskontuak lor ditzakete bigarren urtean ere, gutxieneko oinarrian kotizatzen badute.
Era berean, nahiago badute goragoko oinarri batean kotizatu, % 80ko hobaria eska dezakete hileko kuotan.

3. Lana eta familia bateratzeko hobaria
Lege berriak Gizarte Segurantzaren kuotaren % 100eko hobaria jasotzen du autonomoentzat, 12 hilabetez, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeagatik, autonomoak langile bat kontratatzen badu haurra zaindu bitartean lanean ordezka egin dezan.
Aurrez ere bazegoen gurasoentzako kontziliazio neurri hori, baina haurrak 7 urte baino gutxiago eduki behar zituen.
- Hobaria jaso ahal izateko, hobaria bukatzen denetik gutxienez 6 hilabetez egon behar da altan Gizarte Segurantzan. Bestela, itzuli egin beharko da.
- Mendekoez eta bigarren mailara arteko desgaitasuna duten pertsonez arduratu behar duten autonomoek ere eska dezakete hobari hori.
4. Kuotetan hobaria amatasun bajan eta aitatasun atsedenaldian
Amatasun, aitatasun, adopzio, adopziorako zaintza, harrera, haurdunaldiko arrisku edo edoskitze naturalean arriskuan egoteagatik atseden hartzen badu, autonomoak Gizarte Segurantzako kuoten %100eko hobaria du.
Autonomoak bajan egon bitartean ordezko bat kontratatzen zuenerako ere bazegoen Gizarte Segurantzako kuoten hobari hori. Lege berriak txertatutako aldaketekin, jadanik ez da beharrezkoa inor kontratatzea.
Atsedenaldiak hilabetekoa izan behar du gutxienez (hori zen aitatasun bajaren iraupena autonomoen legea onartu zenean).
Autonomia erkidego batzuek hobari hori hobetu dute. Adibidez, Galizian, autonomoek laguntza bat eska dezakete, amatasun baja edo aitatasun baimena amaitu ondoren beste 16 astez norbait kontratatzeak sortzen dituen Gizarte Segurantzako gastuak estaltzeko.
Autonomoen Legea onartu ondoren, autonomia erkidego batzuek laguntzak onartu dituzte norberaren konturako lana errazteko
5. Alta egunekiko proportzionalak diren kuotak
2018ko urtarriletik, Araubide Berezian alta egin den egunetik baja egunera arte ordaintzen dira autonomoen kuotak, eta ez hilabete osoz.
Gainera, lau aldiz alda daiteke kotizazio oinarria, eta hiru aldiz egin daiteke Araubide Berezian alta eta baja zergaldi bakoitzean (hau da, urtero).
Autonomoaren eskubideak
Besteren konturako langileek bezala, autonomoek prestazio ekonomikoak jasotzen dituzte aldi baterako ezintasuna badute eta haurraren jaiotzagatiko baimenetan.
- Gaixotasun arrunta
Kotizazio oinarriaren % 60 kobratzen da aldi baterako ezintasunaren 4. egunetik 21. egunera arte, eta ordutik aurrera, % 75.
- Laneko istripua eta gaixotasun profesionala
Autonomoak horretarako kotizatzen badu (bereiz ordaintzen da), kotizazio oinarriaren % 75 kobratzen du lehenengo egunetik.
- Haurdunaldiko edo edoskitzaroko arriskuagatiko baja
Lana haurdunaldiarekin edo edoskitzaroarekin bateraezina bada, umekiaren edo amaren osasunerako kaltegarria izan daitekeelako, kotizazio oinarriaren % 100 kobratzen da.
- Amaren baja
Amatasun bajaren lehenengo 16 asteetan, kotizazio oinarriaren % 100 kobratzen da. Lehenengo 6 asteetan amak nahitaez hartu behar du baja, erditzetik berroneratu ahal izateko. Gainerako 10 asteak aitari laga dakizkioke, edo harekin parteka daitezke (baldin eta lanean badago).
Adopzio kasuan, ez denez erditze naturalik egon, aitak eta amak 16 asteak parteka ditzakete.
Baja kobratzeko baldintzak besteren konturako langileen berdinak dira:
-21 eta 26 urte artean: egiaztatu behar da azkeneko zazpi urteetan gutxienez 90 egunez kotizatu dela, edo laneko bizitza osoan 180 egunez.
-26 urtetik aurrera: egiaztatu behar da azkeneko zazpi urteetan gutxienez 180 egunez kotizatu dela, edo laneko bizitza osoan 360 egunez.
- Aitatasun baimena
Autonomoek besteren konturako langileen baimen bera dute haurra jaio, adoptatu edo etxean hartzeagatik. Gaur egun, lau astekoa da, baina apurka-apurka iraupena luzatzea eta amaren bajarekin berdintzea eztabaidatzen ari da.
- Lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko laguntzak guraso autonomoentzat