Nola aurreztu zure haurtxoaren gastuetan

Aholku sorta bat emango dizugu, familian kide berria izateak dakarren kostu handia murrizteko

Atsotitzaren arabera, "Haurrek ogi-barra ekartzen dute besapean", baina hori ez da guk nahi bezain egia. Haurtxoek poz asko ekartzen dituzte baina baita gastu asko ere, askotan oso handiak direlarik.

1. Oinarrizko hornikuntza

Jaioberriak bere neurriko osagarri pila bat behar ditu eroso eta seguru egoteko, eta ez dira merkeak; sehaska, hamaka, kotxetxoa, autorako aulkia, bainuontzi txikia... Haurtxoaren osagarrietan aurreztu al daiteke? Bai, ekonomikoagoak diren aukerak daude.

Sehaska batekin nahikoa da

Egia da lehenengo hilabeteetan haurtxoa bilduago dagoela sehaska txiki edo moises batean baina aurreztu egin nahi baduzu eta ezin badizute utzi osagarri hori, sehaska erabil dezakezu zuzenean.

  • Horren txikiak dira sehaska txikia eta moisesa hiru edo lau hilabetez bakarrik erabiltzen direla.
  • Sehaska handiegia iruditzen bazaizu, edo zure haurtxoa gertu eduki nahi baduzu egunean zehar, haur-kotxearen kapazua erabil dezakezu bere siestetarako etxean.

Haurtxoa eramateko saskiak hamaka gisa balio dezake

Une bat iristen da non haurtxoa aspertu egiten den sehaskan eta bere gurasoak ikusi nahi dituen. Hurbil izateko oso erabilgarriak dira hamaka txikiak. Ez dira garestiak baina haur-kotxerako edo autorako haurtxoa eramateko saskiak balio baldin badizu, bere oinarri kurbatuak ahalbidetu egiten du kulunka.

Bainuontzia-aldatzekoa: merkeagoa bakoitza bere aldetik

Gurasoei hasieran beldurra ematen dien zerbait badago jaioberria bainatzea da hori, eskuak falta direla dirudi haurtxoa heltzeko. Hankadun bainuontzi-aldatzekoak (tapa bat daukate plastikozko aldatzeko lodiarekin gainean) erraztu egiten dute egitekoa, baina leku dezente hartzen dute eta ez dira merkeak.

  • Aurrezteko aldatzeko tolesgarri bat eros dezakezu (paseatzera irtetean ere beharko duzu) eta mahai altu baten gainean alda dezakezu haurtxoa. Ohearen gainean aldatzen baduzu, egin eserita zure bizkarrak sufritu ez dezan.
  • Bainatzeko bainuontzi-aldatzekoa baino merkeagoak diren aukera asko daude: haurtxoa bainuontziaren barruan eusten duten hamaka txikiak, bainuontzi ergonomikoak, bainuontzi puzgarriak (oso erabilgarriak bidaiatzeko) eta bainuontzi tolesgarriak hainbat urtez erabil daitezkeenak.

Haur-kotxea: balioztatu tamaina eta pentsatu non eta zenbat denboran erabiliko duzun

Haur-kotxea edo paseorako aulkia aukeratzen duzunean pentsatu gurpil handiak behar dituen mendirako, ongi sartuko den igogailuan edo autoaren maletategian... Garrantzitsua da balioztatzea hori guztia modeloa aldatu behar ez izateko lehenago edo beranduago.

  • Haurtxoa neguan jaiotzen bada, kapazuan babestuago egongo da, nahiz eta haurtxoa eramateko saskiak osagarriak dituzten (zakua, plastiko babeslea...) hotzik pasa ez dezan, eta gainera, automobilaren segurtasun-aulki gisa balio dute hainbat hilabetez (kapazuak ere bai baina denbora gutxiagoz).
  • Haurtxoa udaberri amaieran edo uda hasieran jaiotzen bada, kapazua aurrez dezakezu erabat atzera bota daitekeen aulkia aukeratzen baduzu.

2. Elikadura

Orain dela urte batzuk arte, haurtxoaren elikadura gastu garrantzitsua zen, izan ere, potekoak eta ahiak helduentzako produktuak baino dezente garestiagoak dira.

Hala ere, amagandiko edoskitzea lehenengo sei hilabeteetan esklusiboki eta beste elikagai batzuekin bi urtera arte mantentzearen OMEren gomendioa jarraitzen bada, nabarmena da aurrezkia.

Elikadura osagarria etxean egindako pureen bitartez eman daiteke edo Baby Led Weaning (haurtxoaren eskariaren araberako elikadura) izeneko teknikarekin haurtxoari utz diezaiokegu familiako janariak probatzen; azken horrek onarpen handia du guraso berrien artean.

Beldurra ematen badizu zure haurtxoari janaria kontrako eztarrira joateak eta nahiago baduzu janaria birrinduta ematea, oso praktikoa da purea prestatzea hainbat egunetarako eta izoztea kristalezko potoetan. Ez bota patata gaizki desizozten baita. Larrialdi-kasuan behar baduzu, desizoztu egin dezakezu minutu batzuetan Maria bainutan egosiz su baxuarekin.

3. Pixoihalak

Garrantzitsua eta iraunkorra den gasturik badago, pixoihalak dira. Aurrezteko, saiatu eskaintza dagoenean erosten: 3 x 2, 2. unitatea % 50, etab. Kontuz, ez pilatu gehiegi, haurtxoak azkar hazten dira eta konturatu orduko zure seme-alaba neurri handiagoa erabiltzen hasiko da.

Beste aukera bat da pixoihal ekologikoak erabiltzea, modernoagoak dira eta gehiago xurgatzen dute gure amek erabiltzen zituzten oihalezko pixoihalak baino. Askoz merkeagoak dira berriz erabil daitezkeelako, baina horien eragozpena da garbitu egin behar direla.

4. Arropa

Haurtxoak oso azkar hazten dira, hortaz ez du merezi diru asko gastatzea arropan.

Itxaron opari guztiak jaso arte: arropa ohiko oparia izaten da haurtxoa jaiotzen denean.

Zalantzarik baduzu, erosi neurri handiagoa. Horrela zure seme-alabak denbora gehiagoz erabili ahal izango du jantzia.

Aprobetxatu merkealdiak urteko edozein urtarorako balio dezaketen jantziak erosteko (kamisetak, bodyak, galtzerdiak...).