2023/03/23
Finantza-merkatuetan hegakortasuna oso nabarmena izan zen atzoko saioan, eta funtsezko bi erreferentzia izan zituen: Fed-aren bilera eta Janet Yellen AEBetako Altxorraren Idazkariaren agerraldia Senatuan. Erreserba Federalari dagokionez, oinarrizko 25 puntu igo ziren interes-tasak, espero bezala, %4,75 eta %5,0 bitarteko tarteraino. Hala ere, zuhurtzia erantsi zion etorkizunari buruzko bere mezuari, EBZk bezala. Tasen igoerek martxan jarraitzen dutela berriro esan beharrean, "gogortze gehigarriren bat" egokia izan daitekeela besterik ez zuen esan.
FOMCen adierazpenak ekonomiak duen sendotasuna aintzatetsi zuen, bereziki lan-merkatuarena, eta baita inflazio handia ere. Aldi berean, komunikatuak AEBetako finantza-sektoreko azken gertakariak ere aipatu zituen, argi eta garbi. Banku-sistema sendoa eta erresistentea dela errepikatu zuen, eta gertatutakoak eta diru-politikan dituzten ondorioak gertutik jarraituko dituela nabarmendu zuen.
Europako Banku Zentrala zuhurra da etorkizunari dagokionez, eta interes-tasen "gogortze gehigarriren bat" egokia izan daitekeela esatera mugatzen da.
Fed-ak, halaber, honako hau esan zuen: "litekeena da azkenaldiko gertaerek kreditu-baldintza zorrotzagoak ekartzea familientzat eta enpresentzat, jarduera ekonomikoa, enplegua eta inflazioa motelduko dutenak. Adierazpenak, dela dela, argi utzi zuen kreditu-murrizketa horren eragin kuantitatiboak oso zalantzazkoak direla. Hau da, erakundeak badaki egungo zurrunbiloa jarduera ekonomikora luzatuko dela kredituaren bidez, baina oraindik ezin da jakin zenbateraino. Ondorioz, esan zuen argitaratzen joango diren etorkizuneko datu ekonomiko eta finantzarioei erreparatu beharko zaiola, Europako Banku Zentralak egin duen moduan.
Nolanahi ere, eta abenduko bilerarekin alderatuta, merkatuak erosotasun klabean interpretatu zuen tasa gehigarrien bi igoera baino gehiago aipatzeari utzi eta 2023rako espero zen gehieneko tasa horri (%5,1) berari eutsi izana. Powell-ek, bere prentsaurrekoan, aitortu zuen FOMCeko kideek etenaldi bat egitea pentsatu zutela, eta inbertitzaileak lasaitzeko ere balio izan zuen horrek. Agerraldiaren elementu batzuk, aldiz, erasokorrak izan ziren argi eta garbi, adibidez 2023rako ez zela tasa-jaitsierarik aurreikusten, merkatuaren aurreikuspenekin kontraste argia eginez; izan ere, une honetan, urtea amaitu aurretik oinarrizko 25 puntuko lau jaitsiera dituzte buruan.
Merkatuak hasiera batean gora egin bazuen zuen ere Fed-en komunikatua argitaratu ondoren, Janet Yellen arduratu zen inbertsioen baikortasuna hozteaz, Senatuaren aurrean aitortu baitzuen gobernua ez zela ari aztertzen egungo gordailuen bermea zabaltzea, eta horrek azkar izan zuen eragina finantza-sektoreko kotizazioetan, beherantz eraman baitzuten gainerako merkatua.
Asteazkeneko saioaren ondorioak, beraz, hauexek dira: merkatuek ez dituzte sinesten Erreserba Federalaren tasen aurreikuspenak (bileraren ondoren, inbertitzaileek 2023ko amaieran espero zuten tasa ere jaitsi egin zen), baina, hala ere, ez dute lortzen lasai egotea banku txiki ahulenen egungo egoerarekin.
