Merkatuen egungo egoeraren analisia

Enrique Marazuela, CFA CAd, BBVAren Banku Pribatuko inbertsioetako zuzendaria.

Pandemiak albiste txarrekin jarraitzen du

2021/01/25

Zoritxarrez, ez dugu aurrerapenik ikusten pandemiaren bilakaeran, kutsapenak eta ospitaleratzeak gora doaz osasun-agintariak hartzen ari diren neurri murriztaileen arren. Zenbaki globalak izugarriak dira, ia 100 milioi kaltetu (99,05 milioi) eta 2 milioi hildako baino gehiago (2,13 milioi). Indarrean diren neurrien eta hartuko direnen eragina hurrengo asteetan ikusiko dugulakoan gaude, lehen olatuan gertatu zen moduan, eta pandemiak eragin txikiagoa izango du.

Ikuspuntu praktiko batetik, horren desagerraraztea ez da konfinamendu kontua, txertoena baizik. Eta txertoen ekoizpena guztiok nahi genukeen bezain azkarra eta etengabea ez bada ere, sinetsirik gaude 2021. urtea amaitu baino lehen pandemia desagerraraziko dela. Une honetan ekoizpenean diren atzerapenek azken emaitza geroratu besterik ez dute egingo, ez dute inolaz ere hori arriskuan jarriko. Analisi ekonomikoko etxe nagusiek darabiltzaten datak (taldeko immunizazioa maiatzean Estatu Batuetan eta Europan iraila amaitu baino lehen) baikorregiak izango dira seguruenik epeari dagokionez, baina ez emaitzan.

Estatu Batuetako presidentetzarako ordezkatzea gauzaturik denean, analistak zain daude Bidenek zer norabide hartuko duen sektore batzuen (teknologia, farmazia eta finantza funtsean) erregulazioan, zergetan, munduko merkataritzaren eta abarren arautzeari dagokionez. eta itxaron egin beharko da ikuspegi argiago bat izateko, berriki onartutako arauak gorabehera.

Arlo ekonomikoan, osasun publikoa zaintzeko mugikortasuna mugatzen duten neurrien areagotzeak dagoeneko ondorioak ari da sortzen Europako jarduera ekonomikoan, enpresen bilakaera nahiko ondo adierazten duten PMIak bezalako adierazleek dioten moduan. Joan den astean, aipagarriena EBZren bilera izan zen, bestalde nobedade handirik gabea, aurreko abenduko hilabetean egindako iragarpen garrantzitsuen ondoren. 

Normalena estatubatuar ekonomian ere ahultasun hori agertzea litzateke, baina ekonomia horrek berriro ere harritu egin gintuen, aurreko erregistroekin alderatuta hobetu eta are aurreikuspenak gainditu zituzten datuekin. PMIez gain, berri onak izan ditugu enpleguaren eta etxebizitzaren datuekin. Atlantikoaren beste aldean, aipagarria da krisi honek ez diola eragin higiezinen sektoreari, batez ere etxebizitza azpisektoreari.

Inbertitzaileak nahiko ondo ari dira bereganatzen pandemiaren beste olatu hau; akzioek eta high yield bonuak bezalako arriskuko aktiboek jokabide ona erakutsi zuten, baita jarduerari lotuagorik diren lehengaiak ere, esaterako petrolioak.

2020ko laugarren hiruhilekoari dagozkion emaitzak argitaratzeko sasoian gaude, ekitaldi itxierakoak izango dira, gainera. Egia da jarduera ekonomikoa espero baino okerragoa izan zela eta, beraz, etsigarriak izan behar zuten. Baina uste dugu analistek jada aldatuak dituztela lehendik ere euren aurreikuspenak, eta beraz, ez dugu atsekabe handirik espero.

Joan den astean burtsen tonua nahasia izan zen; halere, goranzko joera erakutsi zuten. Horrek adierazten du merkatuak ez daudela kezkatuta pandemiaren egungo berragerraldiarekin, eta 2021eko emaitza globala arriskuan jartzen ez duen aldi baterako gertaeratzat dutela. Munduko burtsek %1,5eko igoera izan zuten. Hazkunde txikia izan zuten Europan, Estatu Batuetan nabarmen igo ziren, batez ere teknologiaren sektorean, eta garapen ona izan zuten herrialde emergenteetan ere. Horien artean, Asian izugarri ondo aritu zen eta Latinoamerikan, aldiz, jaitsiera nahiko handiak izan ziren. 

Errenta finkoan, Estatu Batuetako zorrak ez zuen gorabeherarik izan. Europakoa, aldiz, etekinak gehituz joan zen eta, ondorioz, prezioek behera egin zuten. Hori bai erdialdeko herrialdeetan, hala nola Alemanian, bai periferikoetan ere eman zen, Italia nabarmendu zelarik bere portaera kaskarrarengatik. 

Merkatuek egungo osasun egoera iragankortzat dutenaren beste bi erakusle dira euroak dolarraren aurrean duen sendotasuna (dolarra babes-moneta izan ohi da ziurgabetasun garaietam) eta petrolioaren hazkunde neurritsua, oso sentikorra baita jardueraren apaltzeari. 

Arrisku aktiboentzako (akzioak, high yield bonuak, bonu emergenteak, etab.) ikuspegi eraikitzailearekin jarraitzen dugu.

Laburbilduz, pandemian ez dugu hobekuntzarik ikusten, osasun-agintariak hartzen ari diren neurriak neurri. Merkatuek 2021. urtea amaitu baino lehen desagerraraziko denaren aldeko apustu egiten jarraitzen dute, joan den astean izandako jokabideak erakutsi zuen moduan. Izan ere, hedapenari lotuen diren aktiboak, esaterako akzioak, hogh yield bonuak edo petrolioak, portaera ona izan zuten. Ekonomian, mugikortasun sozialerako neurri murriztaileek eragina izan dute Europan, ez ordea Estatu Batuetan, harrigarriro positiboak izaten jarraitzen baitute. 2020ko laugarren hiruhileko emaitzak argitaratzeko denboraldian gara bete-betean, baina ez dugu atsekaberik espero, aldi horretako jarduera espero zenaren azpitik ibili den arren. Ez dugu aldatu arrisku-aktiboen aldeko gure ikuspegi eraikitzailea.