Merkatuen egungo egoeraren analisia

Enrique Marazuela, CFA CAd, BBVAren Banku Pribatuko inbertsioetako zuzendaria.

Harriak ez dagizula eragotzi bideari jarraitzen

2021/01/19

Pandemiaren olatu berria gora doa eta zifrak kezkagarriak dira. Hala ere, ematen dizkigun nahigabe guztiak gorabehera, ez dugu ahaztu behar jada ekin zaiola txertaketari, prozesu iraunkorra dela hori eta, pixkanaka-pixkanaka, ikusiko dugula immunizazioa nola joango zaion nagusitzen infekzioei, pandemia hau desagerrarazteraino. Eta hori guztia, 2021. urtea amaitu aurretik. Are gehiago, analista askok uste du mundu garatuaren zati handi bat udazkena baino lehen egongo dela taldeko immunizazioaren eraginpean. Egia da harri batekin egin dugula topo bidean, alabaina zorigaitzezko eragozpen bat bada, ez da bidearen amaiera. 

Geopolitika arloan, berriz, gai horietan zaila den arren aurreikuspenak egitea, badirudi 2020. urte hasieran ziren baino ziurgabetasun gutxiagorekin datorkigula 2021a. Orain azpimarragarriena AEBetako presidentetza aldaketa da, eta horrek ekarriko dituen ondorioak. Jakina, merkatuek ziurtzat jotzen dute erreskate paketearen zenbatekoa handiagoa izango dena.

Datu ekonomikoek erakusten dute pandemiaren kutsadurak larriagotzen doazela, batez ere Europan; Estatu Batuetan, egoera ahuldu egin bada ere, Kontinente Zaharrean baino erresistentzia handiagoa ageri dute. Nolanahi ere, Europako aste honetako datuak espero zirenak baino zertxobait hobeak izan dira; baina ez gaitezen tronpa, itxaropenak baikorregiak zirelako joan dira hobeto. Pandemiari buruz egiten dugun hausnarketa bera egiten dugu hemen ere, ez dezagun estrapolatu egungo egoera urte osora. 2021a susperraldiaren urtea da, egungo moteltzearen gainetik nagusituko dena, ez bakarrik etorriko den immunizazioagatik, baita Atlantikoaren bi aldeetan gauzatuko diren zerga-pizgarri garrantzitsuengatik ere. 

Osasun egoerak hobera egingo duen urteak, zerga-pizgarriekin eta moneta-politika oso lasai batekin batera, itxaropena sortzen digu arriskuko aktiboen jokabidearen gainean: akzioak, korporazio bonuak eta bonu emergenteak.

Akzioek atzerakadak izan dituzte azken astean, agian osasun egoeraren hobekuntzaren zain daudelako. 2020aren amaierari dagozkion emaitzak argitaratzeko sasoira heltzear gara, eta ez dugu espero ustekabe positibo handirik, gaixotasunaren berragerpenak era negatiboan eragin izan duelako konpainien garapenean. 

Bonuen kasuan, joan den astea positiboa izan zen horientzat, High Yieldarentzat izan ezik, beherakada arin-arin bat izan baitzuen, eta hori ez da harritzekoa aktibo klase horrek akzioekin duen lotura kontuan hartzen badugu. Bonu emergenteak nabarmendu ziren guztien gainetik, onerako nabarmendu ere.

Gure inbertsio gomendioa ez da aldatu, arrisku aktiboen gainhaztapenarekin jarraitzen dugulako, batik bat akzioetan, baina ez ditugu ere ahazten bonu korporatiboak eta bonu emergenteak. Akzioei buruz oso zuhur jarraitzen dugu.

Laburbilduz, pandemian berragerpenarekin jarraitzen dugu, baina horrek ez du aldatzen gure ikuspegi baikorra. Horren ildotik, analisi etxeek gero eta garbiago dute garatutako mundua immunizatuta egongo dela udazkena baino lehen, txertoen eta talde mailako eraginei esker. Osasun publikoa zaintzeko ezarritako mugek 2020ko laugarren hiruhilekoa eta 2021aren hasiera aurreikuspenen azpitik egotea eragiten dute; hala ere, aurten jarduerak susperraldi indartsua izango duenaren tesiari eusten jarraitzen diogu. Inflazioak berriz ere gora egingo duenaren beldurra dagoen arren, ez dugu tesi hori partekatzen. Ez dugu gure posizionamendua aldatu, alegia arrisku aktiboen aldekoa, batik bat akzioen aldekoa, zor publikoarekin zuhurtasun dosi handia duena.