Merkatuen egungo egoeraren analisia

Enrique Marazuela, CFA CAd, BBVAren Banku Pribatuko inbertsioetako zuzendaria.

Pandemiak esanguratsua izaten jarraitzen du.

2021/05/17

Iruzkin honi pandemiari buruz dugun ikuspegiarekin ematen diogu hasiera. 2021aren amaiera baino lehen desagerturik egongo denaren gure ustea hipotesi bat besterik ez da, gure ustez arrazoi sendokoa, baina ziurgabetasunezko egoera bateko iritzi soila da. Indiatik eta Latinoamerikatik datorzkigun berri latzak gorabehera, ematen du bi geografia horietan egoera ez doala okerrera. Mendebaldeak, bere aldetik, zifra egonkorrak erakusten ditu, moderaziorako nolabaiteko joerarekin, eta hor Erresuma Batua eta Estatu Batuak nabarmentzen dira. Eta, bestetik, txertaketek lehen seihilekoan erakutsi zuten baino askoz ere erritmo azkarragoan jarraitzen dute. 

Iragan astean israeldarren eta palestinarren arteko gatazkari buruz azaldu genituen kezkek bere horretan jarraitzen dute; ea bakea lehenbailehen etortzen den eta Isaac Rabinen sententzia betetzen den: zentzutasuna gailenduko da. 

Makroekonomiari dagokionez, soka luzea dute Estatu Batuetan argitaratutako inflazio datu handiek, eta hango adierazleek berreskurapenerako dinamismoa erakusten jarraitzen dute. Eta Europan, eragile ekonomikoek konfiantza handiagoa erakusten ari dira etorkizunari buruz. Hori argi utzi du Alemaniako ZEW adierazleak, pandemia hasi zenetik bere maila altuena lortu izan baitu, 2000. urtetik ikusten ez zen maila, hain zuzen ere. 

Pasa den astean, merkatuek Estatu Batuetako prezioek izandako bilakaerak baldintzaturik egon ziren. Bilakaera hori jakitera eman zenean jaitsierak gertatu ziren bonuetan zein akzioetan, eta gerora kotizazioak suspertzen joan baziren ere ez ziren izan galerarik ez izateko adinakoak. Horretan lagungarri izan ziren banku zentraletako hainbat bozeramailek, batez ere Fed-ekoek, egindako adierazpenak, errepikatu baitzuten gertaera iragankorren aurrean gaudela eta horiek igarotakoan inflazioa nahi den bidera itzuliko dela. 

Eta bonuekin ere antzeko zerbait gertatu zen; Inflazioaren berri txarraren eta lasaitasunerako deien ondoren, zor publikoaren errentagarritasunen igoera eta horren ondoriozko prezioen jaitsiera ez zen izan horren zorrotza. Paradoxikoki, errentagarritasunen gorakada zorrotzagoa izan zen Europan Estatu Batuetan baino; arrisku-prima periferikoak handitu egin ziren. 

Lehengaietan ez zen mugimendu handirik izan, ez metal preziatuetan ez gainerako salgaietan, nahiz eta prezioek goranzko joera izan zuten, inflazio apur bat handiagoa duen inguruneari dagokion moduan, eta hori albiste ona da ondasun mota horientzat.

Gure posizionamenduarekin jarraitzen dugu: akzioetan gainhaztaturik eta gobernuko bonuetan azpihaztaturik, are urte honetan izan diren aldeko emaitzak kontuan hartuta. Uste dugu 2021eko gertakariek babestu eta indartu egiten dituztela akzioetan inbertitzeko eta bonuetan zuhurrak izateko arrazoiak.

Laburbilduz, pandemiak kezka eragiten jarraitzen digu, nahiz eta aste honetan baikortasun apur bat gehiagorekin heltzen diogun; gorabidean diren herrialdeetako datuak ez direlako esanguratsuki okertu. Mundu garatuak berri onak emanez jarraitzen du. Palestinarren eta israeldarren arteko etsaikeriak kezkatzen gaitu. Inflazioa izan zen azken astean datu makroekonomikoen protagonista nagusia, baina banku zentraletako bozeramaileek egindako adierazpenek leundu egin zuten merkatuetan izan zuen inpaktua. Bai bonuek bai akzioek behera egin zuten joan den astean. Gure posizionamenduarekin jarraitzen dugu.