Merkatuen egungo egoeraren analisia

Enrique Marazuela, CFA CAd, BBVAren Banku Pribatuko inbertsioetako zuzendaria.

Txarra (makroa) ona da (merkatuentzat)?

2021/06/07

Pandemiak aurreko asteetako dinamika berarekin jarraitzen du: txertaketetan aurrerapen garrantzitsuak herrialde garatuetan, eta gorabidean diren herrialdeen eremu batzuetan hobetzen doa egoera. Merkatuek birusari buruz duten tesia ez da aldatu; egungo txertoak SARS-Cov-2 birusak dituen aldagaiak borrokatzeko gai direla pentsatzen jarraitzen dute. Indiako anduiari buruzko lehen ikerketek adierazten dute ez diola erresistentziarik txertoei, askoz kutsakorragoa den arren. Pandemia 2021en amaierarako munduko eremu ekonomiko nagusienetatik desagertuta egongo dela pentsatzen jarraitzen dugu. Dena den, berresten dugu ez dela bide erraza izango, gorabehera eta bihurgunez beteta egongo dela.

Merkatuek oso adi jarraitzen diote ekonomiari, baina orain ez dira hazkundeari begira, sendoa eta eztabaidaezina ematen baitu, baizik eta inflazioari begira. Horregatik, ez gaitu harritu behar pasa den astean esaten genuenak: txarra (berri ekonomikoei dagokienez, tituluan aipatzen genuen makroa) ona dela (merkatuentzat), operadoreek ulertzen baitute horrela moneta-politikako neurri ez horren zorrotzak atzeratu egingo direla, berez sekula ez den berri ona. Pasa den astean dezepzioa eragin zuen Estatu Batuetako enpleguaren sorrera neurtzen duen datuak, eta erreferentziatzat hartzen den Altxorraren 10 urteko mugaeguneko bonuen errentagarritasunak %1,55eraino jaitsiarazi zituen, aurtengo apirilaren erdialdetik ikusi ez zen gauza. Bundaren errentagarritasunak, hots, 10 urterako alemaniar bonuarenak -hori da Europako erreferentzietan garrantzitsuena-, behera egin zuen, -%0,21eraino jaitsita. Gure iritzia lehengo bera da: igoerak ikusi digutu epe ertain eta luzerako bonuen errentagarritasunean, eta baita prezioen jaitsiera korrelatiboa ere. Horren aurrean, beraz, aktibo mota horiek azpihaztatzen jarraitzen dugu.

Munduko burtsek, bere aldetik, igoera arinak izan zituzten, %0,5 baino zertxobait gehiago, datu ekonomiko ez horren emankorren bistan. Horrek berretsi egiten du ekonomiarentzat txarra dena merkatuentzat ona denaren ideia. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea tesi hori geure egiten badugu ere soilik epe laburrerako balio duela, eta epe luzera begira -hori da inbertitzaileei axola zaiena- ekonomiaren bilakera ona dela inportantea, hori delako burtsak igoarazten dituen benetako motorra. Geografien arabera, gorabideko burtsak izan ziren berriz ere irabazleak, hiru arrazoi hauengatik: dolarraren ahultasuna, dibisa horretako bonuen errentagarritasunean izandako atzerakada, eta lehengaien prezioek erakutsitako sendotasuna. Akzioekiko gure gainhaztapenarekin jarraitzen dugu.

Laburtuz, merkatuek lasaitasuna azaltzen jarraitzen dute pandemiaren aurrean, eta ez dirudi iparra galdu dutenik indiar aldagaiak egungo txertoei ez diola erresistentziarik erakusten dioen txostena agertu ondoren. Indarrean den tesiak dio denbora kontua dela pandemiaren desagerpena. Merkatuek "txarra (ekonomikoa) ona da (eurentzat)" moduan jarraitzen dute, tesi onargarria zenbait unetarako, baina zeharo okerra epe luzerako. Iragan astean dezepzioa egon zen Estatu Batuetako datu makroekonomikoekin, eta igoerak eragin zituen bonuen eta akzioen prezioetan (errentagarritasunean duen jaitsiera korrelatiboarekin). Ez dugu aldatu gure posizionamendua, bonuetan azpihaztaturik eta akzioetan gainhaztaturik jarraitzen dugu.