Zergatik geratzen zaigu burua hutsik azterketa orriaren aurrean?

Ziur zuri, ikasle horri, noizbait gertatu zaizula. Azterketa prestatzen asteak eman ondoren, orri zuria ikusteak sentipen lazgarria sortzen dizu, pentsamendu agonikoa: zure burua erantzun orria bezain huts dagoela. Ikasi duzun guztia desagertu dela eta ez zarela gogoratzeko gai.

Hala ere, egoeraz jabetu nahian dabilen estresa da soilik. Gogor ikasi baduzu (eta ez aurreko gauean, azterketara lorik egin gabe joanda), datu horiek guztiak hortxe daude, gordeta. Lasaitu eta ondoren fitxategia non dagoen aurkitu, ez duzu besterik egin behar.

Sagrario Manzano doktoreak, Espainiako Neurologia Elkarteko Jokabide eta Dementzien Ikerketa Taldearen koordinatzaileak, laño azaltzen du: “Une horretan, iruditzen zaigu ez dugula ezer gogoratzen, oso handiak direlako estresa eta gogoratu behar dugun informazioaren gainkarga. Eta, gehienetan, akats bat da".

Egia da batzuetan blokeo hori ez dela irudipena soilik, eta gogoratzeko prozesua normaltasunez garatzea eragotz dezakeela. "Beste kontu bat da estresa oso bizia izatea, eta ondorioz gure lobulu frontalak –alegia, gure garuneko orkestra zuzendariak– biltegi mnesikora (oroimenera) sarbidea blokeatzea, eta orduan ez izatea gai primeran gordeta dugun hori guztia gogoratzeko, hain justu, sare inhibitzaile bat aktibatu delako. Horregatik, blokeo sare hori gainditu ezin duten gazteetan erlaxatzeko teknikak landu behar dira".

Arazoa zera da: oroimena erabateko kaosa dela, eta hura arakatzea ez dela ordenagailuan karpeta bilatzea bezain erraza. Zeregin hori errazteko arau mnemoteknikoak daude. Oroimenari etekin osoa ateratzeko eta kaos horren barruan nolabaiteko ordena lortzeko, nola funtzionatzen duen jakin behar da, besterik gabe.

Oinarrizkoenetik hasita: Zer da memoria? “Gizabanakoei gertaerak, ideiak, irudiak eta bestelako esperientziak erregistratzeko, gordetzeko eta gogoratzeko aukera ematen dien gaitasun mentala da", laburbildu du Manzano doktoreak.

Eta garunaren zer atalek esku hartzen dute prozesu mentalean? Zeharo konplexua den zerbait asko laburtuta, esan genezake garunean datu berriak gordetzeko neuronak elkarrekin lotzen direla, eta hala bide eta ibilbideak sortzen dituztela. Oroitzapen bat gogoratzen saiatzen garenean, neuronek berriz egiten dute bide hori.

Batzuetan nahikoa da usain bat, irudi bat edo hitz bat oroitzapen bat argi eta garbi gogoratzeko, baita horretan pentsatu gabe urteak eman arren. Sentipenei esker errazago gogoratzea garunaren gaitasun harrigarri bat da. Sistema horrek testuinguru apur bat edo estimulu bat baino ez du behar emaitzak lortzeko, hain da sistema eraginkorra. Oroimenak gogoko du ikustea, eta gogoko du testuingurua izatea.

Buruz ikasteko trikimailu (gogoangarriak)

Ikasteko garaian lagungarriak izan daitezke arau mnemoteknikoak; izan ere, garunak datuak gogoratzeko lan egiteko duen moduan daude oinarrituta. Garunarentzat, errazagoa da zenbaki segida bat bistaratzea, gogoratzea baino. Edo alfabetoaren ordena abesti baten bitartez ikastea, "musikaren ahalmen oroigarriari esker". (Artikulu honetan lagungarri zaizkizukeen 7 trikimailu dituzu)

Ez dago arrazoirik azterketa aurreko blokeo fase hori gainditu ezin dugula pentsatzeko. Oroimena, beste edozein gaitasun bezala, praktikaren bitartez gara dezakegu. Arazoa zera da: ez diogula lanik ematen. Gero eta gehiago, teknologiaren esku uzten dugu zeregin hori: Facebook eduki ezean, inork gogoratuko al luke urtebetetzerik?

Eta, hala ere, gizon bat gai da 59 karta piloren ordena buruz ikasteko. Ados, muturreko kasu bat da. Izan ere, oroimeneko Guiness errekorra du. Baina garrantzitsuena da giza garuna gai dela halako zerbait lortzeko.