Hauek dira ikasteko eta errendimendu handiena lortzeko eguneko ordu onenak

Benedict Carey-k, The New York Times egunkariko kazetari zientifikoa eta How we learn liburuaren egile denak dio jadanik ez dela beharrezkoa 'liburua irenstea'; hau da, hobe dela gure ahaleginak dosifikatzea ikasketa jarduera eraginkorra izan dadin. 'Azken orduko betekadek' ez dute inoiz funtzionatu. Plangintza eta egunean zehar ikasten emandako orduak dira funtsezkoak.

Alderdi horretan, egileak baieztatu du “garuna ez dela muskulu bat”. Zerbait gehiago da: gogo aldartea, eguraldia, erritmo zirkadianoak, giroa eta kokalekua sumatzen dituen organo sentibera da. Kontzienteki ematen dizkiogunak baino askoz ere datu gehiago erregistratzen ditu, eta nabaritzen ez ditugun xehetasunak gehitzen ditu”. Hala ere, teoria jakinda, zein dira eguneko ordu onenak ikasteko eta errendimendu handiena lortzeko?

Gaua lo egiteko da, ez ikasteko

Baliteke ikasle asko ez egotea baieztapen horrekin ados. Gizakia usadio beti-berdineko animalia da, eta gauzak modu jakin batean egitera ohitzen garenean, horretarako modu hoberik ez dagoela sinetsarazten diogu geure buruari. Baina hitz egin dezagun adituek esaten dutenari buruz.

Verónica Alarcónek, hezkuntzan espezializatutako haur psikologoak, ondo lo egitea funtsezkoa dela uste du; “izan ere, loak finkatzen du ikasitakoa guztiz. Sinesteko zaila izan arren, lotan ere ikasten ari gara; beraz, lo egiten ez badugu, ikasi nahi duguna finkatzeko ezinbestekoa den jarduera bat baztertzen dugu”.

Lo egin bai, baina, gauez?

Eta zergatik egin behar da lo gauez? Lehenik eta behin, ikaskuntza beste zeregin batzuekin tartekatu behar delako. “Gauez ez dugu ikastea (edo gutxienez, ikasten saiatzea) beste erremediorik. Pentsatu behar dugu gure gorputza ordu horietan atsedena hartzeko egina dagoela", diote Aprendemas.com webgunetik prestakuntzan eta heziketan aditu direnek. Eta are okerrago: “ikasle batzuek kafeinara edo botika arriskutsuetara jotzen dute erritmoari eutsi ahal izateko, eta hala esna dauden errealitate faltsua sortzen zaie”.

Baina Diego Santos-ek examtime.com ikasleentzako atarian dioenez, gauez ikasteak ere baditu bere abantailak. Lehenik eta behin, isiltasuna, lasaitasuna eta distrakzio gutxiago lortzen ditugulako: “gauez jende gehiena lo dago eta sare sozialek ere ez dizute galaraziko ikastea”. Gainera, “gauez zure sormena handitu daiteke, eta kontzeptuak bestelako ikuspegi batetik ikusteko lagungarria izan daiteke hori”.

Hasi eguna ikasten

Oro har, ongi dakigun bezala, eguna aurreratu ahala gure nekea handitzen da. Ángela Anguita psikologoak adierazi duenez, “eguneko lehen orduak aprobetxatuta, gure zeregina aurrera eramateko nahikoa energia izango dugu, baldin eta aurrez behar adina lo egin badugu. Lo egin ez baduzu, joan lotara eta ikasi arratsaldean”. Javier Taborda-k, Kolonbiako Caldas Unibertsitateko Heziketa Ikasketen Saileko irakasleak, bere aldetik, esaten du ikasteko ordurik onenak goizekoak direla, "7:00 edo 8:00etatik eguerdira bitartekoak".

Nolanahi ere, Los Angelesko Kaliforniako Unibertsitatearen (UCLA) ikerketa batek aditzera eman duenez, “ikasten eta lotan emandako denboraren artean oreka dagoenean” lortzen da errendimendu handiena. Egia da ikasle asko hobeto kontzentratzen direla gauez, baina gogoan izan behar dugu ezinbestekoa dela loari ikasteko lapurtu dizkiogun ordu horiek berreskuratzea. Horregatik, garrantzitsua da nork bere burua ezagutzea eta teknika orokorrak unean uneko joera eta berezitasunetara egokitzea.