Egunerokoa zaila egiten dizun lankide hori eramaten ikasteko gakoak

Oraindik ez bazaizu halakoren bat egokitu, egon erne, lehenago edo beranduago guztioi iristen zaigulako unea. Izan ere, tamalez, oso ohikoa da bizitza oraindik zailagoa egiten digun lankide bat izatea. Horrek gogorrago bihur dezake goizero lanera joatea.

Oraintxe bertan egoera horretan bazaude, edo uste baduzu edozein unetan gerta dakizukela halako zerbait, hartu gogoan arazoari ahalik eta hobetoen heldu eta gainditzeko gako hauek.

"Hitz egin behar dugu"

Berdin dio zergatik ezin duzun jasan lankide hori: halako lankide bat egokitu bazaizu, harekin hitz egin behar duzu. “Dena delako lankideari bere portaerak zer ondorio dituen ikusaraztea da halako egoerak ongi lantzeko eta konpontzeko modu bakarra", azaldu du Alberto Gavilánek, Adecco Staffing enpresako Giza Baliabideen zuzendariak. Ezer egiten ez bada, okertzea besterik ez da lortuko.

Toxikoa zara eta jakin behar duzu

Bai. Badakigu ez dela erraza norbaiti bere gauza txarrak agertzea; horregatik, gure lankidearekin hitz egiteko zer hiru urrats egin behar diren azaldu digu Adeccoren arduradunak:

  • Komunikatu argi eta garbi, eta eman feedback zintzoa dena delako lankideari.
  • Zehaztu neurri zehatzak eta bi alderdien konpromisoak jasotzen dituen plan bat.
  • Finkatu aldaketak noizko gauzatu behar diren.

Alberto Gavilánen ustez, garrantzitsuena "pertsona toxikoarekin komunikatzeko prozesua da, toxikoa dela jakinarazteko". Horretarako, argi hitz egin behar da, iritzi pertsonalak alde batera utzita, eta argudioak ematean frogak ere eman behar dira.

Beti dago goragoko nagusiren bat

Halako gaiak nagusiekin hitz egitea gomendatzen du Gavilánek, hala eginez gero kontakatilu bat zarela iruditu arren. “Haiengandik atera behar da gatazka konpontzeko edozein ekimen, eta haiei dagokie komunikazioa egitea, planak zehaztea eta lortu nahi diren aldaketak gauzatzen diren begiratzea".

Nola ez bihurtu exorzistaren haurra

Noizbait halako lankideren (edo ikaskideren) bat izan baduzu, zuregan eta zure lanean eraginik ez izatea lortu behar da. Hori lortzeko, funtsezkoa da arazoari garaiz heltzea. “Beste edozein konponbidek –adibidez, isolatzea edo komunikazioa saihestea– arazoa kronifikatu eta areagotuko du soilik, eta, hala, gero eta zailagoa izango da konpontzeko", baieztatu du Alberto Gavilánek.

Koitadu hori

Demagun orain lankide berria hasi dela lanean, eta zure ustez jasanezina den lankide horrekin lan egitea egokitu zaiola. Beharbada ohartarazteko gogoa sartuko zaizu, baina baliteke ideia hori burutik kentzea izatea onena.

Zergatik, asmo onak badituzu? Bada, Gavilánek azaldu bezala, "lankide hasiberriekin horrela jokatzeak kalte egiten du, bi arrazoirengatik: oso irudi txarra ematen zaio laneratu berri den pertsonari, eta beste lankidearen isolamendua eta guztiak kontra dituelako sentsazioa handitzen dute", eta horrela konponbidea zailtzen da eta ateak ixten dira.

Ni izango naiz, edo?

Arazoa guztiekin baduzu, beharbada arazoa ez da besteena, zurea baizik. Edo beharbada, zure txisteak zuri soilik iruditzen zaizkizu barregarriak. Edo beharbada behatzekin kriskitin egiten duzu eta horrek urduri jartzen du jendea.

Nola jokatu behar duzu bestaldean bazaude? Beharbada zeure burua aztertu beharko zenuke, zure lankideak zergatik gogaitzen dituzun jakiteko.