Museoak Instagramen aroan

Instagramek artearekin erlazionatzeko dugun modua aldatu du; hori bistakoa da. Artistek sare sozialaren bitartez erakusten dituzte beren lanak, eta hor zuzeneko harremana dute jarraitzaileekin. Horri esker, haietako batzuek sarearen bitartez saldu dituzte beren artelanak, galeria jabe askok nahiko luketen prezioetan gainera. Aldaketa onuragarria edo kaltegarria den, artetzat har daitekeen ala ez: hori zure iritzira utziko dut. Baina, argudio horien atzean ager daitezkeen gaizki-esaleez harago (beti baitago halakorik), ez dugu frogak onartzea beste erremediorik.

Argi dago gazteei gero eta gehiago kostatzen zaiela museoetara joatea (orokorrean diot, ez haserretu nirekin), eta, aldi berean, sare sozialetik gertuago sentitzen direla. Datu horiekin, ekuazioa argi dago: museoak + Instagram = hurbilketa adiskidetsua. Batuketa horren bilakaerak emaitza harrigarriak izango ditu seguru. Zuretzat, niretzat, guztiontzat.

Gaur egun, museoek maiz erabilitako konponbide bat da artea Instagramera hurbiltzea. Hau da, museoek sareetan pisu handiagoa izatea. Adibide argiena, Thyssen: museoak 18 eta 30 urte arteko gazteentzako lehiaketa bat antolatu zuen apirilean (argi dago zer talde duten xede?), bilduma iraunkorreko margolanen bertsioak egin eta Instagramera igo ditzaten. Gainera, sari nahiko mamitsuak dituzte: 8.000 euro baino gehiago banatuko dituzte. Beste datu bat: Instagrameko artista influencerrak dira epaimahaikide: Ricardo Cavolo, Lara Lars eta Miranda Makaroff. Egin diren proposamen guztien adibide bat besterik ez da hori.

Museoak ulertzeko modu berria

Gure egunerokoan, ohituta gaude honelako esaldiak entzutera: “Selfie bat!"", "Honek gutxienez stories bat egitea merezi du". Erakarpen indar hori erabili dute ohiz kanpoko hainbat museok ikusle gazteen artean lekua hartzeko. Hortaz, museo kontzeptu klasikoarekin hautsi, eta pop-up motako erakusketak egitera jo dute askok; hau da, arte zentroetan nahiz museoetan aldi baterako egiten diren bildumak.

Esaterako, 2016an Izozkiaren museoapop-up erakusketa sortu zen, hondartza xarmangarriena baino zoragarriagoa Instagramerako. Gaur egun San Franciscon dago, baina, besteak beste, New York, Los Angeles eta Miami igaro ditu. Pastel koloreetan eta arrosa harturik protagonista, bost zentzumenak pizteko sortutako espazio bat da; bertaratzen direnek, izozkien inguruko margolanak eta eskulturak ikusteaz gain, probatu, ukitu eta usaindu ditzakete. Beste adibide bat Color Factoryda, koloreei buruzko erakusketa bat; bertan murgiltzeko, zentzumen guztiek betetzen dute eginkizun garrantzitsua. Laburbilduz, espazio horiek ez dira arte klasikoa erakusteko diseinatu; gure Instagramean harro erakusteko objektu eta egoerak hartzen dituzte barnean.

Hori irakurri ondoren, batek galdera hau egiten dio bere buruari: Iritsi al da artearen amaiera, orain arte ezagutzen genuen bezala? Edo, aldiz, artea ulertzeko modu berriak ireki dira? Galdera horiek hausnartzeko plazaratzen ditut. Apur bat soilik. Ez dut tesi bat bilatzen ezta ere.

Andy Warholi eta hark proposatutako pop arteari kritika ugari egin zizkieten bere garaian, artistaren prototipoa desmuntatu zutelako, eta, ondorioz, baita artearena ere. Baina egun, hil zenetik 30 urte igaro direnean, inork ez du zalantzan jartzen historian gutxik izan dutela hark baino karisma eta eragin handiagoa, eta bere garaiko eskema artistikoak urratzen jakin zuela. Warhol bezala, artea ulertzeko modu berri bat irekitzen ari al da Instagram?